Bidaiari

Toponimia ibilbideak, berriz Getxon

Udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte Getxoko toponimia ibilbideetan parte hartzen dutenek. Edizio berria maiatzaren 14ean abiatuko da. Lehen ibilbidea Portu Zaharrean egingo da.

Portu zaharreko irudia.
Portu zaharreko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Getxoko Udalak toponimia ibilbideak jarriko ditu martxan berriro maiatzaren 14an, udalerriko auzoak eta txokoak eta beren izenak hobeto ezagutzeko asmoz. Bizarra Lepoan euskara elkartearekin elkarlanean antolatuta, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte ibilbideotan.

Ibilbideetan zehar eskainitako azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke, antolatzaileek aurreratu dutenez. Ibilbideak doakoak dira eta, herritar orori, ikastetxeei, euskaltegiei eta elkarteei zuzenduta daude.

Lehena, Portu Zaharrean

lehen ibilbidea Portu Zaharrean zehar izango da, maiatzaren 14an, eta ondoren honako hauek: Andra Mari-Getxo bizikletaz (maiatzak 16), Neguri (maiatzak 22), Algortako Satistegi-Alango (maiatzak 28), Areeta (maiatzak 30), Algortako Satistegi-Usategi (ekainak 4), Fadura-Hezeguneak (ekainak 6), Portu Zaharra (ekainak 11), Andra Mari (ekainak 13), Punta Begoña (ekainak 18) eta Romo (ekainak 20).

Astean zehar, goizez, ikastetxeek ibilbideak egiteko aukera izango dute. Informazio gehiago jasotzeko eta izen-emateak egiteko getxo.toponimia@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 627 899 320 telefono zenbakira deitu behar da.

Ibilaldiek aukera paregabea eskaintzen dute auzoko historia gehiago ezagutzeko.