Bidaiari

Berreraikitako Brasilgo Museo Nazionalak milatik gora fosil jaso ditu dohaintzan

Rio de Janeiroko Museo Nazionalak 2026an ateak berriz ireki nahi ditu, 2018an bildumaren zati handi bat suntsitu zuen sutearen ondoren. Orain, erakunde pribatu batek milatik gora fosil brasildar eman dizkio dohaintzan, landare, intsektu eta dinosauroenak.

Dinosauroen fosilak ere badira tartean.
Dinosauroen fosilak ere badira tartean. (Getty Images)

Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalari lotutako erakundeko zuzendari Alexander Kellnerrek prentsaurreko batean esan duenez, museoa suntsitu zenetik jasotako dohaintzarik garrantzitsuena da.

Brasilen aurkitutako fosilak Burkhart Pohl bildumagile partikularraren Interprospekt talde alemaniarrekoak ziren, Estatu Batuetan eta Europan hainbat enkantetan eskuratutakoak.

Piezak Arararipe-n aurkitu ziren. Crato eta Romualdo garaietako fosil-aztarnategi garrantzitsua da, Ceará, Pernambuco eta Piauí estatuen artean, Brasilgo ipar-ekialdean, kokatzen dena. Arro horrek 110 eta 115 milioi urte bitarteko material paleontologikoa du.

Frances Reynolds Brasilgo artista argentinarrak bideratu zuen dohaintza. Berak zuzentzen duen Inclusartriz institutuak Museo Nazionaleko ondare historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen, piezen %85 suntsitu ondoren.

Pieza baliotsuak

Dohaintzan emandako piezen artean, Tupandactylus Imperator pteroussauro baten garezurreko fosila nabarmentzen da. Oso ondo zainduta dago, eta, handik abiatuta, animaliaren baraila eta burua xehetasunez berreraiki ahal izan ziren.

«Bilduma guztiz fantastikoa da. Oraindik ere aztertzen ari gara, baina dinosauroak eta pterossauroak biltzen ditu, baita landare eta intsektu batzuen fosilak ere», esan zuen Kellnerrek, zeinak aurreratu zuen jasotako piezen %80 gutxienez areto berezi batean erakutsiko dela museoa berriro martxan jartzen denean.

Zuzendariak esan zuen seguruenik Museo Nazionalak 2026ko lehen seihilekoan ateak berriz zabalduko duela eta 6.000 eta 7.000 metro koadro bitarteko eremuan 10.000 pieza inguru ikusgai jarriko direla.

Museo Nazionala, Brasilgo zaharrena eta hainbat garaitako 20 milioi pieza inguru biltzen zituena, sute batek suntsitu zuen 2018ko irailaren 2an. Ezbeharrak Brasilen historiaren zati bat eta Latinoamerikako altxor garrantzitsuenetako bat desagerrarazi zituen.

Suak, ordea, ez zuen eraginik izan Sao Cristovaoren Jauregi Inperialaren egituran, 1803ko eraikina, egoitza gisa erabiltzen zuena; Brasilgo familia inperialaren egoitza izan zen 1822 eta 1889 artean, eta ia-ia amaituta dago haren berreraikuntza.

Obra-hondakinetatik berreskuratu zituztenen artean, Italia, Egipto, Japonia, Peru eta Zeelanda Berriko piezak nabarmentzen dira. Horien artean, XIX. mendeko samurai baten armadurako maskara bat, Zeelanda Berriko matxete baten xafla bat eta Egiptoko Bastet jainkosaren brontzezko estatua bat daude.