Bidaiari

128 bale ehizatzeko baimena, Islandian

128 bale ehizatzeko baimena izango dute urtebetez Islandian. Elikadura ministroak jakinarazi berri du Gobernuaren erabakia, «legeak bete behar» direla esanez. Jakina, ingurumen-taldeen kritika gogorrak jaso ditu berehala.

Balea bat.
Balea bat. (Getty Images)

128 bale ehizatzeko baimena eman du Islandiako Elikadura ministroak. Berriak berehalako erantzunak jaso ditu eta ingurumen-taldeen kritika gogorrak jaso. Besteak beste, «animalien ongizaterako egun beltza» dela esan du elkarte batek. Baimena Hvalurri eman dio, uharteko balea enpresa bakarrari.

Ezker Berdeko Mugimendukoa den Elikadurako ministroak berak aitortu duenez, erabakia ez dator bat bere ikuspuntuarekin eta bere alderdiarenarekin, baina legea bete behar dela argudiatu du.

2024ko denboraldirako balio du baimenak, eta Groenlandia/Islandia mendebaldeko eskualdean 99 bale eta Islandia ekialdea/Faroe uharteak eskualdean beste 29 ehizatzea baimentzen du.

Islandiako Animalien Ongizaterako Elkarteak bere etsipena adierazi du eta, era berean, baleen ehizari buruzko legeak erreformatzeko edo indargabetzeko eskatu du.

«Gizarte moderno batean baleak ehizatzea denbora galtzea da», adierazi du erakundeak, baina «urrats positibotzat» jo du baimena oraingoan urtebeterako eman izana eta ez bosterako, baita ehiza kuota murriztea ere. «Hala ere, animalien ongizaterako egun beltza da Islandian», adierazi du erakundeak.

Duela urtebete, Svandis Svavarsdottir orduko Elikadura ministroak ehizaldia eten zuen hasi baino egun bat lehenago, animalien ongizatean aditu batzuek esandakoaren ondoren. Dena dela, agintariek geroago jakin zuten erabakia ez zela Zuzenbidearen araberakoa, eta abuztuan denboraldi berri bat baimendu zen, baldintza zorrotzagoetan, urte amaierara arte.

Islandia, Norvegia eta Japonia dira baleen ehiza komertziala egiten duten herrialde bakarrak.