Arabako Plazetan, herrialdea bisitatzeko aitzaki «artistiko» egokia
Araba berez erakargarria bada ere, ekainetik iraila bitarte are gehiago izango da, hamaika herritako plazak arte eszenikoz beteko baitira, Arabako Plazetan ekimenari esker. Guztira, 22 konpainiaren 34 ikuskizun eskainiko ditu aurtengo edizioak.
Arabako Plazetan kaleko arteen zirkuituaren 2024ko edizioak 22 konpainiaren 34 antzerki, pailazo, dantza eta zirku ikuskizun eskainiko ditu lurraldeko beste horrenbeste udalerritan ekainetik irailera bitarte.
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, zikloan parte hartzen duen udal bakoitzak eta Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua.
Honako hauek dira aurten parte hartzen duten udalak: Agurain, Aiara, Dulantzi, Amurrio, Añana, Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Artziniega, Asparrena, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Burgelu, Erriberagoitia, Iruña Oka, Kuartango, Bastida, Lagran, Guardia, Lantziego, Lantaron, Legutio, Leza, Okondo, Oion, Urizaharra, Erriberabeitia, Urkabustaiz, Gaubea, Eskuernaga, Iekora, Zambrana, Zigoitia eta Zuia.
Arabako Plazetan zirkuituaren lehenengo bi jarduerak ekainaren hasieran izan ziren, eta gainerakoak hilaren 23an hasiko dira, Lukianon, Agurainen eta Izarran. Irailaren 28an amaituko da programa, Bastidan.
Arte eszenikoak zabaldu
«Programaren bidez, lurraldean arte eszenikoak zabaltzea eta sustatzea lortzen da, eskariari erantzunez eta eskari berriak sortuz. Kaleko arteen ikuskizun eskaintza herri guztietara helarazten dugu, eta horrekin arte eszenikoen esparruan tokiko sorkuntza sustatzen dugu, eta aukera ematen diegu Arabako konpainiei haien lana erakusteko», esan zuen aurkezpen ekitaldian Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak.
Gainera, aurreratu zuen egitarauan parte hartuko duten 22 taldeetatik zortzi arabarrak direla: Ameztu Antzerkia, Bapateanzirko, CIA Turukutupa, El Mono habitado, Pez Limbo, Panta Rhei, Pikor Teatro eta Zanguango Teatro.