Bidaiari

Oiasso Erromatar Museoa, bidaia historiko eta arkeologikoa

Oiasso hiriaren inguruan aurkitutako erromatar garaiko aztarnak biltzen dituen museoa da Oiasso Erromatar Museoa, Irun inguruko ondare arkeologikoa ezagutzera eman eta Bizkaiko golkoan erromatarren garaia ezagutarazteko helburua duena. Udan bisitatzeko aukera erakargarria eskaintzen du museoak.

Oiasso museoko irudia.
Oiasso museoko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Antzinako Oiasso erromatar hirian sartzeko atea da Museoa». Esaldi horrekin deskribatzen du Bidasoaldeko Turismo sailak Oiasso Erromatar Museoa. Eta historian murgiltzen da ondoren: «Hemendik abiatzen da bisitariak Xantalen nekropolia eta Irugurutzeta meatzeak ezagutzera eramaten dituen Erromatar Trena. Egungo Irungo zorupean ezkutatua dago Oiasso erromatar hiria. Bidasoa ibaiaren bokalean, Hispania eta Akitaniaren arteko mugan, Oiasso baskoien portua izan zen antzinaroan. Erromatar Inperioaren garaian komunikazio eta merkataritza zentro garrantzitsu bilakatu zen Hispaniako iparraldean, Tarraconensis probintziaren barnean».

Zalantzarik gabe, XX. mendearen amaieran Gipuzkoan egindako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenetakoa da. 2006an inauguratuta, Oiasso museoak erromatarren garaiko hondakin arkeologiko garrantzitsuenak biltzen ditu, azken hamarkadetan eremuan egindako indusketen bidez berreskuratu direnak. Ikerketa arkeologikoari esker, identifikatu ahal izan dira portua eta bertako biltegiak, termak, nekropolia eta inguruko meatze ustiategiak.

Bildumak hiru gelatan antolatuak daude, aipatu webguneak zehazten duenez: Erromatarren eragina, Portua eta Oiasso. Erromatarren eragina gelak baskoien mundu indigena erakusten du eta haren eta erromatar kolonizatzaileen artean izandako lehen harremanak. Portua gelan, berriz, merkataritzaz eta arrantzaz hitz egiten duten material arkeologikoak biltzen dituzte beira-arasek, portuarekin loturiko bi jarduera ekonomiko nagusiak, hain zuzen ere. Eta, azkenik, Goi Inperioaren garaiko erromatar hiri baten eguneroko alderdiez hitz egiten du Oiasso gelak: dieta, jantziak, idazkera, aisia edo erlijioa.

Termak

Erromatarren munduan hainbat gelatako bainuak ziren termak, tenperatura desberdineko urekin. Ariketa fisikoa egiteko eta aisialdirako leku gisa ere erabiltzen zituzten.

Oiassoko terma publikoak museoaren atzealdeko lorategian aurkitu eta induskatu ziren eta zain daude museo bilakatzeko. Indusketetan hiru gela identifikatu ziren hipokausto berotze sistema zutenak; gela horien lurzoruek barne hutsak zituzten aire beroa handik igarotzeko.

Museoan azaltzen denez, gela handienak, frigidarium edo ur hotzaren gelak, opus spicatum zoladura mantendu du, galburu moduan egokitutako adreiluekin. Gaur egun, haien banaketa eta itxura uler daiteke errealitate handituan egindako berreraikuntza birtualari esker.

Bestalde, bilduma arkeologikoetan larruz eta egurrez landutako objektuak dituzten material organikoak nabarmentzen dira. Gure aroko lehen mendeetan sortutako hiri-kokaleku bati buruz hitz egiten dute, bide atlantikoan kokatutako portuaren jarduerari eta inguruko meategiei esker garatutakoa.
Museoan, gainera, Antzinako Historiaren eta Arkeologiaren inguruko kultura ekintzak egiten dira.