Agiñako eremu megalitikoa, paisaiak eta historiaurreak bat eginez
Tumuluak, trikuharriak eta harrespilak biltzen ditu. Aita Donostiaren omenez Jorge Oteiza artista handiak eginiko monumentu modernoaren ondo-ondoan dago. Agiñako eremu megalitikoa da.
Naturazaleek Lesakatik hagitz hurbil dagoen Agiñako eremu megalitikoa ikaragarri gozatuko dute, Baztan-Bidasoako turismo webguneak, dioenez. Bertan paisaiak eta historiaurreak bat egiten dute. Gainera, Aita Donostiaren omenez Jorge Oteiza artista handiak eginiko monumentu modernoaren ondo-ondoan dago. Zinez ederra omen da paseoan lasai ibiltzeko.
Eremu ikusgarriarekin ahalik eta gehien gozatzeko, hiru ibilbide zirkular prestatu dira bertako iragana zein usadio zaharra ezagutzeko. Lesaka, tren “txikitoa” eta eremu megalitikoa lotzen ditu lehenbizikoak, zonaldeko burdina lortzearen inguruko historia hilezin bilakatzen duena. Bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, historiaurreko aztarna ugari erakusten dituzte.
Dolmenak edo trikuharriak, tumuluak eta cromlechak
Baztan-Bidasoako turismo webguneak, gainera, informazio zehatza eskaintzen du bidaiariak bidean ikusiko dituenaz: dolmenak edo trikuharriak, tumuluak eta cromlechak edo baratzak.
Trikuharrieri buruz, honako azalpen hau eskaintzen du: K.a. 3.200 eta 1.200 urteen arteko eraikin iraunkorrak dira. Azken Neolitoan hasi, eta batez ere Kobre eta Brontze Arokoak. Harri ttikiz eginiko multzo zirkularraren erdian, harri sendozko hilkutxa erakusten dute. Taldeko hilobiak ziren. Ustez, gaur egungo hilerriek daukaten funtzioarekin erabiliak. Europa osoan aurkitu dira. Lesakan bi trikuharri ikus ditzakegu: Agiñan eta Pagolletan.
Tumuluei buruz, berriz, honako hau azpimarratzen dute aipatutako iturriek: Zaharrenak trikuharrien garai, zentzu, tamaina eta kokapenekoak dira, harri ttikiz egindako multzo zirkularrak eta gorpuak erdialdean lurperatzen ziren. Lesakan, garai hartako bi tumulo ikus ditzakegu: Agiñan eta Alastan.
Berrienak, Azken Brontze Aroan eta Burdin Aroan eraikitakoak, tamaina ttikiagokoak ziren eta barrenean taldeko hildakoen errautsak uzten zituzten.
Azkenean, cromlechak edo baratzak aipatzen ditu: Burdin Aroko 600-200 K.a.-ko eraikin iraunkorrak dira. Zutik paratutako harriz egindako zirkulu hauen erdian hildakoen errautsak jartzen ziren. Ustez, gaur egungio hilerriak erabiltzen diren erranahiarekin erabiliak, baina errausteko ohituraren erakusgarri. Lesakan hirurogeitik goiti daude, Agiña eta Izu-Biandiz aurrehistoria guneetan.