Guggenheimek berriz itxiko ditu ateak astelehenetan
Guggenheim Bilbao Museok ordutegia aldatzen du uda iristen denean eta, behin garai hori igarota, betiko ordutegia bereskuratzen du. Hori gertatuko da irailaren 23an, egun horretatik aurrera astelehenetan ateak itxi egingo baititu, urtero bezala.
Guggenheim Bilbao Museoa berriro ere itxita egongo da astelehenetan eta ohiko ordutegira itzuliko da irailaren 23tik aurrera. Egun horretatik, Bilboko museoa 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik asteartetik igandera.
Gainera, museoko iturriek jakinarazi dutenez, ‘Martha Jungwirth’ erakusketa bisitatzeko azken eguna izango da irailaren 22a. 70 artelanen bitartez, mundu fisikoan oinarritutako lengoaia abstraktu bereziagaitik gailendutako artista austriarraren bost hamarkada hartzen ditu atzerabegirakoak.
Zenbait erakusketa
Bestalde, ‘Ikurrak eta objetuak. Guggenheim Bildumako Pop artea’ erakusketa bisitatzeko azken eguna izango da igandea, irailaren 15a, eta 16:00etatik 20:00etara doazenek %50eko deskontua izango dute sarreraren prezioan. Era berean, ikusgai dauden gainerako erakusketak bisitatzeko aukera ere izango dute: ‘Yoshitomo Nara’, Film&Video aretoko ‘Anthony McCall: Segundo-frakzioa’ eta ‘Guggenheim Bilbao Museoko Bildumako obrak’.
Orain gutxi eman zituzten ezagutzera museoko arduradunek 2024ko udako datuak. Oso ona izan omen da bisitarien kopuruari dagokionez, bere historiako bigarren udarik onena, hain zuzen ere. Ekaina, uztaila eta abuztuan erakusketetaz gozatu duten pertsonak 473.493 izan dira, guztira, 2023ko udan baino 16.453 gutxiago. 2018an baino 28.346 bisitari gehiago etorri dira. Aurten ere lortutako emaitza bikainek Museoaren osasuna eta nazioartekoa eta anitza den publikoa erakartzeko duen ahalmen handia berresten dituzte.