‘Karratu beltza leuna’ erakusketa ibiltaria Amorebieta-Etxanora iritsi da
‘Karratu beltza leuna’ izenburupean, ‘Bosteko 2024’ erakusketa ibiltariak hasi du bere ibilbidea. Irailean abiatu zen Leioan eta Amorebieta-Etxanora iritsi da. Bertan izango dira ikusgai, azaroaren 3ra arte, Maider Aldasoro, Leire Lacunza eta Natalia Suarez artisten lanak.
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ‘Bosteko 2024’ erakusketa ibiltaria Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentrora iritsi da, ibilbidea joan den irailean Leioan hasi ondoren. ‘Karratu beltza leuna’ izenburupean, azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai.
Maider Aldasoro, Leire Lacunza eta Natalia Suarez artisten lanak biltzen ditu erakusketak. Maria Goirigolzarri da komisarioa. Erakusketak artearen pertzepzioari eta rolari buruzko hausnarketa proposatzen du, «arreta modu berezi batean aktibatzeko bitarteko gisa, adimen arrazionala une batez bertan behera utziz eta pertzepzio eta afektibitate esperientziari lekua emanez».
«Artelan ugariren bidez, esekidura espazio horretan sartzeko eta formen atzean ezkutatzen diren iluntasunak aztertzeko gonbit egiten diote artistek ikusleari», azaldu dute antolatzaileek.
Artistak
Maider Aldasorok (Mexiko, 1992) hainbat arte diziplina uztartzen dituen ikuspegia eskaintzen du, jantzi diseinua, eskultura eta bideo performancea batuz. Bere lanetan, giza harremanak eta jokabideak aztertzen ditu, gorputza tentsio egoeretan kokatuz, eta itxuraren eta esanahiaren arteko desadostasunak azaleratzen ditu. ‘Bosteko 2024’ erakusketan, eskulturak eta ikus-entzunezko obra bat aurkezten ditu, tentsio horiek modu ludiko eta, batzuetan, erotiko batean islatuz.
Leire Lacunzaren (Donostia, 1996) lana irudiak sortzean oinarritzen da. Horretarako, gainjartze, ebaki eta ezabaketa teknikak erabiltzen ditu, ikusleari ohikoak diren gauzak modu desberdinean ikusteko aukera emanez. Erakusketa honetan argi instalazioak aurkezten ditu, argia eta ikusgai denaren ezegonkortasuna elkartuz, ikuslea geldiarazi eta behatzen duenari buruz gogoeta egitera gonbidatzen dutenak.
Bestetik, Natalia Suarez (Gasteiz, 1994) margolaria eta marrazkilaria da, eta formatu handietan nabarmendu da, non trazu gestualek eta silueta figuratiboek bizia hartzen duten. Bere lanek zoriaren eta trazuen bidez paisaiak sortzeko gaitasuna aztertzen dute, errealaren eta imajinarioaren artean dabiltzanak. Erakusketan, margolan berrien sorta bat aurkezten du, lehen begiratuan lasaiak diruditenak, baina pixkanaka iluntasun latentea erakusten dutenak.
Bosteko erakusketa koordinatu ibiltaria da. Bere helburu nagusia da euskal artista plastikoen lana zabaltzea eta ezagutzera ematea. Arte garaikidea ezagutaraztea du xede, jende guztiak eskuragarri izan dezan. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du eta Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Leioa eta Getxoko udalek parte hartzen dute.