New Yorkeko The Vessel dorrea ireki dute berriz, suizidiok saihesteko sarea jarri ostean
New Yorkeko The Vessel dorre-eskultura ikonikoa berriz zabaldu dute. Itxi egin zuten 40 metrotik gorako altueratik bere buruaz beste egiten zuten bisitarien suizidio kasu batzuk erregistratu ostean. Orain zabaldu dute berriro hiriko alkatetzak suizidioaren aurka eskatutako hainbat neurri ezarri ostean.
The Vessel eskulturak –lurretik zirkulutan igotzen den ezti-abaraska erraldoi baten itxura duena eta Sagar Handiaren arkitektura garaikidearen ikur bihurtu dena– urtero 2 milioi turista erakartzen zituen itxi aurretik. Hemendik aurrera berriro bisitatu ahal izango da pertsonako 10 dolar ordainduta.
‘Eskaileretako’ balkoiak solairuz solairu igotzen den altzairuzko sare batez estali dira, baina sarea lurretik ia ikusezina da, oso mehea delako eta, ondorioz, ez du panoramika oztopatzen. Beraz, argazkiak atera daitezke lehen bezala. Gainera, azken solairuko teilatua itxita egongo da.
45 metrotik gorako altuera
Thomas Heatherwickek diseinatutako 45 metrotik gorako altuera duen espiraleko harmaila konplexua da The Vessel. Artelan interaktiboa da, 80 eskailera-bururekin lotutako 154 eskailera-tarte dituena. Pentsatuta dago bisitariek behetik "eskalatzeko" eta New Yorkeko zein gertu dagoen Hudson ibaiko ikuspegiez gozatzeko.
Hudson Yards 2019ko martxoan zabaldu zen lehen aldiz eta 200 milioi dolarreko kostua izan zuen. AEBetako historiako “hirigintza-proiektu pribatu handiena”ren pieza nagusi gisa aurkeztu zen. Hiriko gunerik degradatuenetako baten behin betiko berpizkundea ekarri zuen.
Alabaina, inaugurazioaren unetik beretik, ideia suizidak zituzten pertsonentzako iman indartsua zela erakutsi zuen, eta, ondorioz, bakarrik zeuden pertsonei sarrera debekatu zitzaien.
Hiru suizidio gertatu ondoren, 2021eko maiatzean ireki zen berriro, baina hiru hilabeterako bakarrik, urte bereko uztailean berriro itxi baitzuten 14 urteko mutil batek bere buruaz beste egin zuenean.