Bidaiari

‘Arkeologia Ataunen’, herriko ondare eta arkeologia aberastasuna ikusgai

Herriko ondare eta arkeologia aberastasuna balioestea helburu duen ‘Arkeologia Ataunen: Aralarko historian murgiltzen izeneko’ erakusketa izango da ikusgai apirilaren 9tik aurrera Barandiaran museoan. Herrian aurkitutako pieza esanguratsuenak ikusi ahal izango ditu bisitariak.

Barandiaran museoa.
Barandiaran museoa. (Jagoba MANTEROLA)

Barandiaran museoan, Ataungo San Gregorio auzoan, egongo da ikusgai ‘Arkeologia Ataunen: Aralarko historian murgiltzen izeneko’ erakusketa, herrian aurkitutako pieza esanguratsuenak jasotzen dituena. Horrez gain, erakusketarekin batera, jarduera programa zabala antolatu dute.

Joxemiel Barandiaranek Jentilbaratzan lehen indusketa arkeologikoa egin zuenetik mende bat baino gehiago igaro ondoren, Ataun erreferente arkeologikoa da oraindik ere Gipuzkoan. Behe eta Erdi Paleolitikotik Erdi Arora arte, Agauntza ibaiak zeharkatzen duen haranean ehunka aurkikuntza egin dira, eta, horiei esker, Aralar inguruan bizi izan diren giza kulturak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu.

Martin Aramendi Ataungo alkatea pozik agertu da: «Denbora asko generaman erakusketa hau prestatzeko lanetan, eta horri esker itzuliko dira Atauna egun batean gure herriko aztarnategietan aurkitu zituzten pieza preziatuak».

Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoak ere hitz egin du erakusketaren garrantziaz: «Pieza horietako bakoitzak Ataunen bizi izan diren kulturen bilakaerari buruzko historia esanguratsu bat kontatzen digu. Erakusketa hau gure ondarea babesteko eta ezagutarazteko zorroztasunez eta grinaz lan egin duten profesional eta erakunde askoren ahalegin bateratuaren emaitza da».

50 pieza

Ikusgai dauden ia 50 piezen artean, aipatzekoak dira Usategiko azagaia, izturitze motakoa; Pikanditako arrankazi edo arpoia; Allekoaitzeko lehoinabar buru-hezurra, Usategiko denarioak eta Jentilbaratzako eraztun ospetsua. Gainera, interpretazio panelak prestatu dira aurkikuntza bakoitza testuinguruan kokatzeko eta ulerterrazago egiteko.

Erakusketa hainbat jarduerarekin osatuko da, hala nola bisita gidatuak, hitzaldiak edo ‘Erromatarren arrastoak oinen azpian’ dokumentalaren proiekzioa. Izen-ematea derrigorrezkoa da jardueretarako eta 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefonoetara deituz edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatziz egin daiteke.