28 MAR. 2023 Zerain, Estatu espainoleko landa-turismoaren hiriburu izateko hamar hautagaien artean Estatu espainolean hamar herri dira Landa Turismoaren Hiriburu izan nahi dutenak, ‘Escapada Rural’ bidaia eta ostatu mota horietan espezializatutako plataformak iragarri duenez. Zerain, Gipuzkoaren bihotzean, hautagaietako bat da. Aizkorri mendilerroaren magalean kokaturik, Zerainek nekazal ingurunean ibilaldi paregabeak egiteko aukera ezin hobea eskaintzen du. (GIPUZKOA TURISMOA) Bidaiari Euskal Herriko herri bat Estatu espainoleko landa-turismoaren hiriburu bihur daiteke 2023an. Zehazki, Zerain da ‘Escapada Rural’ web atari espezializatuak ematen duen sariaren 12. edizioko hamar finalisten artean dagoen herria. Aberastasun naturala, historia eta sagardotegiak bidai baterako hirukote ezin hobea dira. Gainera, 711ko kartzela, Andra Mari Eliza, Bolatokia, Burdinaren Mendia, Herriko Plaza, Jauregia, Larraondoko zerrategia eta ibilibide liluragarriak dira Gipuzkoako herri honetan bisitatzea merezi duten bazterrak. Zerain Euskal Herriaren bihotzean dago; Gipuzkoaren hegoaldean, Arabako eta Nafarroako mugetatik oso gertu. Aizkorri mendiaren itzalpean, Segura, Mutiloa, Zegama eta Legazpi ditu mugatzat. Nekazaritzari lotuta bizi izan den herria da. Naturan dauden lehengaiak, mea, egurra, ikatza etab. ere ustiatu izan dira bertan. Landa-helmuga onenei ikusgarritasunaeman Sariaren helburua da Estatu espainoleko landa-helmuga onenei ikusgarritasuna ematea eta kalitatezko turismoa bultzatzen dutenak baloratzea. Bozketa webgune berean egingo da apirilaren 24ra arte, eta bidaiariek aukeratuko dute nork jasoko duen saria. Zeraindik aparte, hauek dira izendatuak: Bocairent (Valentzia), Campo Lameiro (Galiza), Candeleda (Gaztela eta Leon), Colmenar de Oreja (Madrilgo erkidegoa), Elche de la Sierra (Gaztela-Mantxa), Nalda (Errioxa), Ricote (Murtzia), Segura de León (Extremadura) eta Cardona (Katalunia).