bidaiari - bidaia aldizkaria

Gobernu espainolak gazteek udan bidaiatzeko deskontuak eskatzeko epea ireki du

Gobernu espainolak epea ireki du gazteek garraioan %90erainoko deskontuak eskatu ditzaten. Txartelen prezioan beherapenak izateko, 1993 eta 2005 urteen artean jaiotako gazteek formulario bat bete beharko dute, eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko.

Gazteek %50eko deskontua izango dute udan interrailean. (EUROPA PRESS)

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda espainiar Ministerioak epea ireki du 18 eta 30 urte bitarteko gazteek %90erainoko deskontuak eska ditzaten datorren udan Estatu espainolean eta Europan bidaiatzeko tren eta autobus txarteletan.

Ohar baten bidez, ministerioak iragarri du webgune espezifiko bat jarriko duela martxan deskontu horiek erregistratzeko eta eskuratzeko.

Txartelen prezioan beherapenak izateko, 1993 eta 2005 urteen artean jaiotako gazteek formulario bat bete beharko dute, eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko.

Erregistro hori lehenengo txartela erosi baino gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da, eta, horretarako, gazteek kode pertsonala erabili beharko dute, ministerioak emango diena.

Ministerioak azaldu duenez, txartela behar ez bezala erabiltzeak erregistro-zenbakia etetea ekar dezake, eta, beraz, neurriaz baliatzen jarraitzeko gaitasuna etetea.

Duela aste batzuk Gobernu espainolak onartutako beherapenek %50eko beherapena dakarte Interrail bidaiarako; Estatu espainoleko barruko bidaietan, distantzia ertain eta luzeko ibilbideetarako tren-txartelen beherapena %90eraino igotzen da, baita Estatuaren menpe dauden autobusetan bidaiatzeko ere.

Avant tren

Halaber, Avant trenek  50eko deskontua izango dute, baita abiadura handiko zerbitzuek ere, baina azken horiek 30 euroko mugarekin.

Gobernu espainolaren planak, halaber, Kataluniako Generalitatearen eskumenekoak diren distantzia ertaineko trenbide-zerbitzuetan deskontuak finantzatzea aurreikusten du, herrialdeak berak eskatu duen bezala.

Laguntza horiek martxan jartzeko, Gobernuak 170 milioi euroko zuzkidura onartu du, honela banatuta: 70 milioi abiadura handiko eta distantzia luzeko zerbitzuetara, 60 milioi autobus-lineetara, 30 milioi Avant trenetara eta distantzia ertainekoetara, eta 10 milioi Interraileko deskontua finantzatzeko.