bidaiari - bidaia aldizkaria

Galapago Uharteak «deskarbonizatzeko» ibilbide-orria egingo dute

Hainbat herrialdetako zientzialariek Galapago Uharteen “deskarbonizazioa’ eta trantsizio energetikoaren helburua lortzeko ibilbide-orria izango dute eztabaidagai uztail hasieran.

Galapago uharteko irudia. (Getty Images)

“Galapago Uharteetako Deskarbonizazio Jasangarri eta Inklusiboko Goi Bilerak” gai horren inguruko adituak bilduko ditu San Kristobal uhartean, artxipelagoko ekialdean. Topaketak “Galápagos Living Lab for Energy Innovation” ekimenaren babesa du.

Foroak Galapagoek trantsizio energetikoari begira dituzten erronken inguruan hausnartzea eta egoera ulertarazten saiatzea izango du helburu, eta horretara bideratuta abian dauden tokiko ekimenen ikerketak aztertuko dira.

Topaketaren ardatzak honako hauek izango dira, besteak beste: baliabide energetikoak eta azpiegitura, segurtasuna eta erresilientzia energetikoa, inbertsioen analisia eta erraztasuna, eraginkortasun energetikoa eta garraiorako energia.

Energia berriztagarriak

Hala, energia berriztagarriko sistemen ebaluazioak egingo dira, uraren, energiaren eta elikagaien hornidura bultzatzeko, eta motor elektrikoa duten ontziekin edo erregai gisa hidrogeno berdea erabiltzen dutenekin itsas garraioa egiteko aukera aztertzeko.
Halaber, “Galapagos Living Lab for Energy Innovation” ekimenaren bidez USFQ eta Edinburgoko Unibertsitatea egun garatzen ari diren ikerketa-proiektuen aurrerapen zientifikoak azalduko dira.

Horrez gain, hamaika hitzaldi eskainiko dira. Besteak beste, honako parte-hartzaile hauek arituko dira: estatuko zenbait agintari, Galapagoak Parke Nazionaleko ordezkariak, Energia eta Ingurumen Ministerioetako adituak, Garapenerako Banku Interamerikarrekoak (BID) eta Ekuador-Britainiar Merkataritza Ganberakoak.