31 JUL. 2023 Olatuen eta itsas korronteen energia, aztergai Bilbon Olatuen eta itsas korronteen energiari buruz arituko dira Bilbon 300 aditu, “European Wave and Tidal Energy Conference” nazioarteko biltzarrean. Informazio berriak ezagutzera ematea eta partekatzea da topaketen helburu nagusia. Olatuen energia izango da aztergai. (Getty Images) Bidaiari “European Wave and Tidal Energy Conference” (EWTEC) biltzarra egingo da, irailaren 4tik 7ra, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon. Olatuen eta itsas korronteen energiari buruzko nazioarteko topaketarik handienean, energia mota horietan adituak diren eta zientziaren eta enpresaren arloetan diharduten 300 profesionalek hartuko dute parte. Hizlariak EHUko iturriek jakitera eman dutenez, biltzarraren irekiera ekitaldian honako hauek hartuko dute parte: Jesus Mari Blanco EWTEC 2023ko presidentekideak (EHU), Cameron Johnstone EB EWTECeko presidenteak (Strathclydeko unibertsitatea), Jose Luis Villate EWTEC 2023ko presidentekideak (Tecnalia), Gorka Moreno EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. “European Wave and Tidal Energy Conference” 1993an antolatu zen lehen aldiz. Ordutik, urtero eskaini ditu nazioarteko hizlarien olatuen eta mareen energiari era ozeanoko ur zutabeetatik eratorritako energiari buruzko hitzaldi tekniko nahiz zientifikoak. Hasieratik, olatuen eta mareen energia ikertu, garatu eta erakusteko gune izan da EWTEC, eta ospe handia du kalitate handiko ekarpen akademiko eta enpresarialak erakartzen baititu. Ekarpen horiek guztiak pareko beste ikertzaile batzuek berrikusten dituzte, eta hitzaldietan aurkeztu eta aktetan argitaratzen dira. Biltzarreko akten emaitzak “International Marine Energy Journal” aldizkarian argitaratzeko hautatu ohi dira. EWTECen helburu nagusia da olatu nahiz mareen energiarekin lotutako informaziorik berriena trukatzeko gune aproposa eskaintzea eta energia mota horren bihurketarekin lotura duten ideia eta gai berriak eztabaidatzeko aukera ematea. Horrela, ezagutzak transferitzeko eta eztabaida bideratzeko abagunea eman nahi zaie bertaratutakoei, betiere itsas energia berriztagarrien arloko teknologien abangoardian.