bidaiari - bidaia aldizkaria

Islandian, berriro baleak ehizatzeko baimena

Ekainean etenaldi bat onartu zuen, baina Islandiako Gobernuak berriro baimendu du baleen ehiza. Beraz, dagoeneko irten dira berriz arrantzaleak baleen atzetik, ekaineko txostenak zioena aldatu ez den arren: metodoek ez dute animalien «ongizatea» bermatzen.

Animalien sufrimendua agerikoa da; hala ondorioztatu zuen txosten batek. (Halldor KOLBEINS )

Ekainean denbora batez bertan behera utzi bazuen ere, Islandiako Gobernuak berriro baimendu du baleen ehiza. Beraz, bi hilabete baino ez du iraun behin-behineko etenaldiak. Hiltzen dituztenean baleek jasaten duten sufrimendua agerian uzten zuen txosten bat argitaratu ondoren hartu zuten ekainean erabaki txalogarria. Zehazki, txostenak ondorioztatzen zuen baleak ehizatzeko erabilitako metodoak ez zuela animalien ongizatearen legea betetzen. Baina orain dena aldatu da berriz.

Arrantzaleek baleak ehizatzera irten ahalko dira baina zerbait aldatuko da. Elikadura, Arrantza eta Ehizako Ministerioak adierazi du animalia harrapatu eta hiltzeko baldintzak «gogortuko» dituztela eta neurri berrien gaineko «jarraipen zorrotza» egingo dutela. Gainera, heziketa bultzatuko duela adierazi du Gobernuak.

Adostasunik ez

Dena dela, Gobernuan ez daude denak ados. Hiru alderdien arteko koalizio bat da, eta horietako bat, Ezker-berdeko mugimenduak, animalia hauen ehizaren kontra azaldu arren, beste biek, Alderdi Progresistak eta Independentziaren Alderdi kontserbadoreak, sostengatzen dute.

Hori dela eta, Svandis Svavarsdottirrek, Ezker Berdea alderdiko ministroak, aitortu du ehizaren alde egon ez arren, industriak balea ehizatzeko baimenak indarrean dituela, eta, beraz, lege erreforma ezarri ezean, ezinezkoa izango litzatekeela praktika hau geldiaraztea.

Ekainean Gobernuak jasotako txostenaren arabera, egun baleak hiltzeko erabiltzen dituzten metodoekin ez da animalien «ongizatea» bermatzen, jada zenbait erakunde ekologistak adierazten zutena. Adituen arabera, bale gehienak denbora asko ematen dute harrapatzen dituztenetik hil arte. Bi ordu ere igaro daitezke.

Norvegia eta Japoniarekin batera, Islandia baleen ehiza komertziala baimentzen duen herrialde gutxietako bat da. 2022ko udan 148 bale hil zituzten.