06 SET. 2023 Asfalto naturalen meatze paisaien interpretazio ibilbiderako, multimedia edukia Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, multimedia edukia prestatuko du asfalto naturalen meatze paisaien interpretazio ibilbiderako. Seinaleetan eta karteletan sartuko da edukia, ibilbideak zeharkatzen dituen espazioei eta ingurune naturalari garrantzia emateko. Informazioa osatuagoa izango da. (Getty Images) Bidaiari Arabako ardunadunen esanetan, herrialdeko mendialdeko asfalto naturalen meatze paisaiak lurraldeko industria, kultura eta natura turismoaren aktibo garrantzitsuenetako bat bihurtu dira, eta gaur egun Atauriko Mina Lucía meategia da horren erakusgarri nagusia. Aparteko ondarea da, eta etorkizunean ibili ahalko da interpretazio ibilbide batean, zeinaren helburu nagusia baita asfalto naturalaren meatze jarduera zabaltzea eta proiektatzea, eskualdearen nortasun ikur gisa. Ibilbidearen zati handi bat Vasco-Navarro Trenbide Zaharraren Bide Berdetik, GR-1 “Bidezidor Historikoa” izenekotik eta Izkiko Parke Naturaleko bidexken saretik egitea aurreikusten da. Ibilbideak, gainera, aukerak eta sinergiak sortuko ditu eskualdeko baliabide ekoturistikoen artean. Horretarako, Izkiko Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa, Vasco-Navarro Trenbide Zaharraren Bide Berdearen Interpretazio Zentroa eta Antoñanako eskualdeko turismo bulegoa eta Atauriko tren geltoki zaharrean kokatuko den asfalto naturalen etorkizuneko interpretazio zentroa lotuko dira. Diseinatutako trazadurak 35 kilometro inguru ditu, eta ibilbide laburragoko eta noranzko zirkularreko hiru aukera alternatibo izango ditu. Gaur egun, Foru Aldundiak seinaleztapen proiektu tekniko bat dauka, interpretazio edukiei buruzko oinarrizko informazioarekin, eta haren bidez ibilbideak zeharkatzen dituen meatze espazio eta paisaiei garrantzia eman ahal izango zaie. Elementu berritzaile eta digitalekin osatu Horiek horrela, funtsezkotzat jotzen dute seinaleztapena eta euskarri fisikoko kartelak elementu berritzaile eta digitalekin osatzea, hau da, QR kodeekin. Elementu horiek multimedia edukiak sortzea eskatzen dute ibilbidearen 15 eremu estrategikotan informazioa emateko. Hartara, ibilbidearen erabiltzaileek asfalto naturalen ustiapenaren azalpen geologikoak, historikoak, ingurumenekoak eta sozioekonomikoak eskuratu ahal izango dituzte.Euren iritziz, «proiektu honek aukera emango digu dibulgazio baliabideak eta baliabide digitalak garatzeko, halako moldez non garrantzia emango baitiogu paisaia eta asfalto naturalaren aprobetxamendu historikoaren berezko ondare geologiko, industrial eta natural handiari. Proiektu honek leku pribilegiatuak ezagutaraziko dizkigu, Izkiko Parke Naturala eta Vasco-Navarroren interpretazio zentroa eta Atauriko asfaltoen meatze paisaien interpretazio zentro berria lotzearen bidez». «Baliabide bat da jada garaturikoei eransten zaiena inguruko sustapen jasangarriari eta sustapen sozial eta ekonomikoari buruzko helburuak lortzen laguntzeko, baita bisitarien ezagutza eta gozamena sustatzen laguntzeko ere, eta hori guztia hezkuntza, kultura eta aisia jarduerak garatuz», gehitu dute. Asfalto naturalaren meatze jarduera XIX. mendearen erdialdetik XXI. mendearen hasierara arte ustiatu da, eta arrasto handia utzi du Arabako Mendialdeko herri kulturan; gainera, agerian utzi ditu asfalto naturalaren aztarnategia sorrarazi zuten azaleratze eta prozesu geologiko bikainak.