18 SET. 2023 Asteklima Klimaren eta Energiaren Astea: mundua zaintzeko kontzientzia Asteklima Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa irailaren 22an hasiko da eta 230 jarduera inguru eskainiko ditu urriaren 1era bitarte, herritarrak trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzeko eta mobilizatzeko asmoz. Asteklimaren helburuetako bat da munduaren egoeraz kontzientzia hartzea. (Getty Images) Bidaiari Klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren erronkari buruz sentsibilizatzeko eta herritarren agendan jartzeko,hamaika jarduera eskainiko ditu Asteklimak, «ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da» premisarekin. Ihobe ingurumen hobekuntzarako sozietate publikoaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako ekimenak tokian tokiko ekintzan eta herritarren ekintzan jarriko du arreta hamar egunez. Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimenaren helburuarekin bat datozen era guztietako jarduerak eta ekitaldiak antolatuko dira, eta 55 toki erakundek eta zazpi eskualde erakundek parte hartuko dute, 935.665 biztanle biltzen dituztenak. Bizkaian 21 udalek eta Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak hartuko dute parte; Araban 18 udalerrik eta Aiara, Gorbeia eta Añanako kuadrillek, eta Gipuzkoan 16 udalek eta Tolosaldea Garatzen, Urola Garaiko Garapenaren Agentzia eta Sasieta Mankomunitateak Antolatuko diren jardueren artean daude, besteak beste, tailerrak eta erakusketak, hitzaldiak, antzerkiak, ihes gelak, kontu kontalariak, bisita gidatuak eta bideo eta argazki lehiaketak, publiko guztientzat. Ekintza horien bidez, parte hartzaileak klima aldaketak dakartzan erronketan murgildu ahal izango dira, eta tokian tokitik ekiteak duen garrantzia ulertu ahalko dute, klimaren eta energiaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Azoka ibiltaria Asteklimaren laugarren edizioak presentzia berezia izango du Euskal Herriko bederatzi udalerritan, Ihobek, Energiaren Euskal Erakundeak, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatutako Asteklima Azoka hartuko baitute, klimaren aldeko ekintzari buruz sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko. Azoka ibiltaria izango da Bilbon, Donostian, Gasteizen, Bermeon, Trapagaranen, Bakion, Irunen, Zarautzen eta Azpeitian egingo da.Azokak hainbat karpa izango ditu, klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, Urban Klima proiektua eta gizarteko gainerakoen konpromisoekin bat egingo duen konpromiso pertsonala formalizatzeko modua jorratuko dituztenak, besteak beste.