bidaiari - bidaia aldizkaria

Gasteizko zenbait gizarte-etxe, eszenatoki bihurtuta

Urriaren 22an, Gasteizko zenbait gizarte-etxe eszenatoki berezi bihurtuko dira, Auzo Eszena hasiko baita. Abenduaren 17ra bitarte, antzerki amateurreko zazpi ikuskizun eskainiko ditu ekimenak, haur, gazte eta helduei zuzenduta.

Antzerkia zenbait auzotara iritsiko da. (Getty Images)

Auzo Eszena ekimenak eskaintza askotarikoa prestatu du Gasteizko zenbait gizarte-etxetan, umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia edo musikalak izango direlako.

Hirukide taldeak hasiko du egitaraua, Salburun, “La madre que nos parió” lanarekin, eta ondoren etorriko dira Las Milyuna (“Viaje a naufragio”, urriaren 29, Aldaben), Auskalhop (“La maleta mágica”, azaroaren 5ean, Aranan), Teatracho (“Pacto”, azaroaren 18an, Zabalganan), No me claves tus puñales (“Lentejas en su tinta”, azaroaren 19an, Ariznabarran), Tadir (“Tuco con mangas”, azaroaren, 26an Arriagan) eta Gurualia (“Olentzero, salda bero!“, abenduaren 17an, Salburuan).

1.283 ikusle

Gasteizko Udaletik jakitera eman dutenez, 16 proposamen horiek osatuko dute 2023ko Auzo Eszena ekimenaren egitaraua. Beste bederatzi lan otsailetik maiatzera bitarteko eskaintzaren parte izan ziren, eta 1.283 ikusle bildu zituzten.

Auzo Eszena programazioa 2022ko urrian Kultura Zerbitzuak egin zuen deialditik sortu zen. Gasteizko antzerki talde edo artista ez profesionalek urtean zehar haien lanak publikoaren aurrean aurkeztea zen deialdiaren helburua.

Ikuskizun guztietarako sarrera beharko da, aurrez aurre gizarte-etxe eta kirol instalazio guztietan (frontoietan izan ezik) eta Internet bidez. Ikuskizunak hasi baino ordubete lehenago arte ere erosi ahal izango dira sarrerak, eta 3 edo 5 euro arteko prezioa izango dute.

Hirietako auzoetara kultura hurbiltzea lortzen dute mota honetako ekimenak.