bidaiari - bidaia aldizkaria

EAEko hotelen sarrerak eta ostatu gauak igo egin dira udako hilabeteetan

EAEko hotelek 1.171.886 sarrera eta 2.434.027 ostatu gau erregistratu dituzte udako hilabeteetan, hau da, 2022ko aldi berean baino %5,5 eta %7,9 gehiago, hurrenez hurren. Atzerritar jatorriko sarrerak %13,6 eta ostatu gauak %16,8 igo dira 2022ko udarekin alderatuz. Eustaten datuak dira.

Udan mugimendu gehiago izan dute hoteletan. (Getty Images)

Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera, hotelen sarrerak eta ostatu gauak gehitu egin dira EAEan udako hilabeteetan.

Lurraldeka, Arabako hoteletan 326.893 gau igaro dituzte bidaiariek hiru hilabete horietan, hau da, joan den udan baino %18,7 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 1.022.484 gau igaro dituzte bidaiariek (%6,6ko igoera), eta Bizkaian 1.084.650 (%6,2ko gehikuntza).

Aurtengo udan zenbatetsitako batez besteko egonaldia 2,08 egunekoa izan da, joan den urteko udan baino luzeagoa, orduan 2,03 egunekoa izan baitzen. Betetze maila %74,1era iritsi da EAEko hotel establezimenduetan plazaka neurtuta, eta %84,1era gelaka neurtuta; beraz, %2,5 eta %3,2 puntuko igoerak izan dira, hurrenez hurren.

Udan lortutako zifrek ildo berari jarraitu diote hiru lurraldeetan. Plazen betetze mailan Gipuzkoa nabarmendu da (%78,3); ondoren Bizkaia dator (%72,2) eta, azkenik, Araba (%69). Gelaka neurtuz gero, hiru lurraldeek %80,0ko betetze maila gainditu dute: %86,6 Gipuzkoan, %82,7 Bizkaian eta %81,8 Araban.

Hiriburuei dagokienez, Donostia nabarmendu da, %84,2 eta %90,8ko betetze mailekin, plazaka eta gelaka neurtuta, hurrenez hurren; Bilbon, plazaka neurtuta, betetze maila %73,8koa izan da, eta gelaka, berriz, %89,6koa; Gasteizen, %74,0koa eta %87,3koa izan dira betetze mailak, hurrenez hurren.

Iraila

Bestalde, EAEko hotel establezimenduek 366.217 sarrera eta 733.225 ostatu gau erregistratu dituzte iraileran, hau da, 2022ko hilabete berean baino %10,9 eta %12,7 gehiago, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Irailean hoteletan zenbatetsitako sarrera guztien %54,4 eta ostatu gau guztien %55,1 atzerriko bisitarienak izan dira, sarrerak %21,6 eta ostatu gauak %23,9 gehitu ondoren.

Lurraldeka, Araban 48.559 sarrera eta 99.784 ostatu gau izan dira, hau da, joan den urteko irailean baino %12,5 eta %27,6 gehiago; Bizkaian, sarrerak %12 eta ostatu gauak %10,6 gehitu dira, 170.160 eta 327.446 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren; Gipuzkoan 147.498 sarrera erregistratu dira irailean, iaz baino %9,1 gehiago, eta 305.995 ostatu gau, 2022an baino %10,7 gehiago.

Hiriburuei dagokienez, sarrera kopurua %16,7 igo da Gasteizen, %10,1 Donostian eta %5,8 Bilbon. Era berean, joan den urteko irailaren aldean, ostatu gauak %32,3 hazi dira Gasteizen eta %10,9na Donostian eta Bilbon.

Azkenik, EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 2 egunekoa izan da irailean, joan den urteko hil berean baino luzeagoa, orduan 1,97 egunekoa izan baitzen. Betetze maila %69 izan da, plazaka neurtuta, eta %82,9, gelaka, eta 2022ko irailarekin alderatuta, %5,0 eta %6,2 puntu igo dira, hurrenez hurren.