bidaiari - bidaia aldizkaria

Igartubeiti museoa barne hartzen duen Patrim 4.0 proiektu europarra onartu da

Patrim 4.0 proiektu europarra onartu da. Hiru urtez luzatuko da egitasmoa 1.364.663 euroko aurrekontuarekin. Gipuzkoako Diputazioa pozik da Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa proiektuaren barruan dagoelako.

Igartubeiti baserria.

Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra 2021-2027 Programaren Programazio Batzordeak EFA127/01 Patrim 4.0 proiektuaren ebazpena onartu du. Proiektua, zeinaren parte den Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa, datozen hiru urteetan garatuko da 1.364.663 euroko aurrekontuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Igartubeiti Pirinioetako Kultur Ondarearen Berrikuntza eta Kudeaketa Sortzailerako Sarearen bazkide da 2013tik. Sare horrek Pirinioetako bi aldeetako erakundeak biltzen ditu, Pirinioetako Kultura Ondarearen Zentroetarako elementu egituratzailea izateko asmoz, ondarean ezagutza sortzeko eta transferitzeko proposamen komunen gainean lankidetzan arituz eta ondare-produktu-lurralde trinomioa kudeatzeko eredu kolaboratibo, berritzaile eta iraunkorra bultzatuz.

Proiektuaren ardatzak honako hauek dira: ondarearen kudeaketa integralerako ereduak mendiko lurraldeetan (museoak eta lurraldeak, kalitatea, prestakuntza eta dibulgazioa, jakintzen hibridazioa eta herentzia kulturala), Patrim 4.0 kultura eta ondare helmuga (Patrim helmugak, pyrenoteca, artisten egoitzak, museo birtuala eta erakusketa ibiltariak) eta Patrim 4.0 berrikuntza eta iraunkortasuna (irisgarritasuna, iraunkortasuna, digitalizazioa, esperientzia turismoa eta familia turismoa).

Artisten egoitzak eta dinamizazio tailerrak

Horrela, datozen hiru urteetan garatuko diren ekimenen artean daude artisten egoitzen deialdia, ondarea tokiko ekoizleekin eta artisau ekoizleekin lotzen duten dinamizazio tailerrak, kulturaren eta ingurumenaren iraunkortasunaren ikuspegitik, eta ondareari eta kultur nortasunari lotutako kalitate ikur bat sortzea.

Era berean, irisgarritasuna, energia eraginkortasuna eta jasangarritasuna etengabe hobetzeko lanean jarraituko da, jardunbide egokiak partekatuz eta ezagutzak trukatuz. Digitalizazioa eta publikoarekin solasaldiak izango dira beste alderdi aipagarri batzuk, batez ere familian oinarritutakoak.