bidaiari - bidaia aldizkaria

‘San Juan, gure historia erreskatatzen duen ontzia’, Albaolan ikusgai

‘San Juan, gure historia erreskatatzen duen ontzia’ erakusketa dago ikusgai Albaolaren Pasaiako egoitzan, San Juan baleontziaren eraikuntza prozesua xehetasun guztiekin ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duena.

Erakusketa Albaolaren Pasaiako egoitzan dago ikusgai jada. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Mendi Urruzuno argazkilariak egindako jarraipenari esker, ‘San Juan, gure historia erreskatatzen duen ontzia’ erakusketan aise ikus daiteke baleontziaren eraikuntza prozesua: gila jarri zenetik orain dagoen kroskoaren oholeztatze faseraino.

Argazkilariak berak aitortu duenez, 2014an hasi zen bilduma osatzen, zehazki gila jarri zen unean. Beraz, itsasontziaren eraikuntzaren fase bakoitza ulertzen laguntzen du erakusketaren ibilbide bisualak: haren hezurdura eta barne-egitura ikusteko aukera ematen du eta, aldi berean, haren kanpoaldea. Noski, «erakusketak museoaren bisita aberasten du eta historian hain ezezaguna den kapitulu honen dibulgazioan sakontzen du», esan dute antolatzaileek.

Ondare unibertsalaren ikono

Era berean, azpimarratu dute itsas ondare unibertsalaren ikono bihurtu den baleontziaren eraikuntza posible egin duten aurrekarien garrantzia. «Lehenik, Selma Huxley historialariaren ikerketaren emaitzek Kanadan euskal baleontzien bilaketa sustatu zuen; horren ondorioz, Parcs Canada-k, gobernu agentziako arkeologia departamenduak, urpean egindako ikerketa-lan bikainari esker eta Robert Grenier-en gidaritzapean, 1978an ontziaren hondakinak aurkitu zituzten».

«Eta –jarraitu dute–, ia 30 urteko landa-lanari esker, ontziaren planoak eta maketak sortu ahal izan zituzten, baita San Juan baleontziaren saskaren azpian topatutako balea-txalupa batena ere». Ikerketa-proiektu handi horri esker, gaur egun, San Juan galeoia da mundu mailan ondoen ezagutzen den 16. mendeko itsasontzia.

2013an, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen Red Bayko multzo arkeologikoa eta Albaolak ikerketa horren lekukoa hartu zuen Pasaian itsasontzi enblematikoa berpizteko. 2015ean, Unescoren babesa lortu duen munduko ontzigintzako proiektu bakarra bihurtu zen.