bidaiari - bidaia aldizkaria

Tabakalerak 777.000 bisitari izan ditu 2023an, aurreko urtean baino %12 gehiago

Tabakalerak 777.000 bisitari izan ditu 2023an, 2022an baino 80.000 gehiago, hau da, %12 gehiago. Hazkunde horrek «lehen mailako erreferente kultural gisa duen posizioa finkatzen du», adierazi dute Donostiako kultura garaikidearen zentroko arduradunek.

Arte, zientzia, teknologia eta gizartearen inguruko egitarauaren aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tabakalerak izan duen bisitari kopuruaren igoeraren harira, zentroko arduradunek zehaztu dute ikusleen goranzko joera etengabea izan dela erakusketetan, 173.300 bisitari izan baitira, Tabakaleran bisitari gehien izan dituen Medialab ireki zenetik. Gainera, programazioan izandako parte-hartzea ere handitu egin da, zehazki %70.

Bestalde, Tabakalerak bere posizioa hobetu du Fundazio Garaikideak egindako Kulturaren Behatokiaren urteko rankingean. Orain hirugarren postuan dago, Donostia Zinemaldiaren eta Guggenheim Museoaren atzetik, 2023an Euskal Herriko kultura-erakunde eta -jardueren zerrendan.

Tabakaleraren posizionamenduan izandako aurrerapen hori bereziki nabarmena da estatu mailan, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zazpi postu egin baitu gora, eta sailkapen orokorreko 33. postuan kokatu da.

Erakusketa eskaintzari dagokionez, ‘That Time’k –Tabakaleraren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lehen elkarlana– marka berria ezarri du, 41.100 bisitari erakarri baititu. Ekainaren 22an ireki zenetik, Francis Bacon, Goya, Susana Solano, Mari Puri Herrero eta Ainara LeGardon artisten lanak ikusi ahal izan dira, besteak beste.

Priscila Fernandesen ‘Zaldiek amesten dutena’ erakusketak 24.800 pertsona bildu ditu. Bisitari ugarik gozatu dute 3 urtetik gorako haurrentzat bereziki sortutako instalazio interaktiboaz.

Era berean, Isabel Hergueraren ‘El sueño de la sultana’ erakusketak 16.500 bisitari erakarri zituen artista donostiarraren lehen animaziozko film luzearen sorkuntza prozesua ezagutzera.

Bestalde, Donostia International Physics Centerrek Tabakalerarekin elkarlanean antolatutako ‘Strom’ erakusketak astronomia inklusiboa eskaini zien 11.500 bisitariri; ‘Evil Eye: optikaren eta balistikaren historia paraleloa’ lanak, berriz, 17.000 bisitari izan zituen; Mar de Dios artistaren ‘Batzuk’ artelanak, 7.200; eta, azkenik, ‘Ingenio makinak. Jakintzen bidegurutzean’ zientzia, teknologia eta gizarte erakusketak 7.000 bisitari izan zituen abenduaren amaierara arte.

Artegunea

Kutxa Fundazioaren Artegunea Aretoari dagokionez, 48.200 bisitari izan ditu 2023an: ‘La textura de las promesas’ (5.900), ‘Subida al cielo’ (12.200), ‘Jan Groover. Formen Laborategia’ (19.800) eta Isabel Azkarateren atzera begirakoak 10.300 bisitari izan zituen abenduaren amaierara arte.

Erakusketez gain, Tabakalerak oso zifra positiboarekin itxi du urtea, jendearen parte-hartzeari dagokionez. Bere programazioak 2022an baino %30 parte-hartzaile gehiago erakartzea lortu du. Guztira, 408.500 pertsonak hartu dute parte zentroak aurten antolatutako kultur ekitaldietan.

Bestalde, Medialab Tabakaleraren urterik onena izan da datuei dagokienez, hilean 20.000 pertsona baino gehiagorekin, eta bere bisitari-kopuru handiena lortu du. Guztira, 247.200 lagunek erabili dituzte Tabakalerako sorkuntza liburutegiak eta herritarren laborategiak eskaintzen dituzten zerbitzuak.