01 FEB. 2024 MuseoTIK plataforma digitala, abian Euskal Autonomia Erkidegoko 40 bat museo eta ondare erakunderen objektuak, piezak, artelanak, eskutitzak edota dokumentazioa katalogatuta eta digitalizatuta biltzen dituen MuseoTIK plataforma digital berria jarri dute martxan. Aurkezpenaren irudia. (Eusko Jaurlaritza) Bidaiari MuseoTIK plataforma digital berria museoetako langileei zuzendutako lan tresna da, eta euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta lankidetzan aritzeko nahia duen edozein herritar eta kultura eragilerentzako gune ere izango da. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du plataforma berria, museoetako 40 bat eragilekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon Ekitaldian azaldu dutenez, MuseoTIK lankidetzarako tresna izateko jaio da, hala museoetako 300 bat profesional eta langileentzako, nola gainontzeko erakunde publiko, unibertsitate zein herritarrentzako. Helburua da bertoko kultura ondarea ezagutzera ematea, istorio, kontakizun eta aukera berriei bide emateko. Horretarako, museoetako bildumak digitalizatuta erakutsiko dira. Aukera berriak zabalduz Zupiriak eskerrak eman dizkie museo eta ondare erakunde guztiei epe luzeko proiektu honetan parte hartzeagatik, eta, «etorkizunera begira, MuseoTIK aukera berriak irekiko dituen ataria» dela adierazi du. Kultura 2028 Plan Estrategikoari erreferentzia eginez, Zupiriak ondarearen zaintzari garrantzia eman dio, hori baita «historiatik gorde eta zaindu nahi dugun hori, hurrengo belaunaldiei transmititzeko».«MuseoTIK plataforma herritarren eta museoen arteko elkargunea da, ondarearekin konektatzeko eta eduki baliotsuez gozatzeko aukera ezin hobea. Webgune honetan katalogatutako objektu, pieza, artelan, eskutitz edo dokumentuak digitalizatuta daude, eta horrek aukera emango digu edonori, horietan oinarrituz, istorio eta kontakizun berriak sortzeko. Bildumen digitalizazioan azken urteetan egin den lanak gure ondarea osotzen duten funtsak publikoaren eskura modu irisgarri eta erraz batean jartzea ekarri du», azaldu du.JatorriaMuseoTIK plataforma digitala ez da ezerezetik hasten, EMSIME web orriaren garapenetik sortu baita, hau da, Euskal Herriko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak sustatutako aplikaziotik. Beraz, alde batetik, MuseoTIK ataria jarraituko du izaten museo bildumen dokumentaziorako eta digitalizaziorako erreferentziazko katalogoa, eta, bestetik, eraldatu egin da ikuspegi eta behar berrietara egokitzeko, eskuragarriago, anitzago, eta inklusiboago bihurtuta. Gainera, lankidetzarako proposamen digitala ere bada, digitalizazioaren eta parte hartzearen bitartez, bildumen eta gainerako jardueren hedapena erraztuko baitie museoetako 300 bat langile eta ordezkariri, beren banakako hedapen estrategiak osatzeko. Era berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko nahia sentitzen duten pertsona, talde edota kultura eragile guztientzako gunea ere bada. Horrela, ondarea gorde eta zaintzeaz gain, MuseoTIK interpretatzeko eta hedatzeko asmoarekin jaio da: museo jardueran inplikatutako eragile guztiak integratu nahi ditu, euskal museoetako ondareari balio erantsia eman nahi dio, eta, guztion artean, kultura nortasuna nabarmentzeko narratiba berriak sortu.