08 FEB. 2024 ‘Errotik’, Arratia eta Hego Nerbioiko turismoan euskara sustatzeko ekimena Gorbeialde landa garapeneko elkarteak ‘Errotik’ euskara sustatzeko proiektu berria jarri du martxan. Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei. Aurkezpenaren irudia. (Enpresabidea.eus) Bidaiari ‘Errotik’ proiektua irailean jarri zen martxan, eta dagoeneko 11 ekoizle eta establezimenduri ematen die zerbitzua. Ekimenaren sustatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, landa eremuan dauden hainbat enpresatan hutsunea dagoela ikusi zuen Gorbeialde elkarteak, Arratia Nerbioi eremu euskalduna izan arren, turismo establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dutelako maiz euskararen presentzia bermatzen. «Horregatik, kasu askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez da ikusten turismoan zein landa eremuan dauden enpresetan, eta horregatik erabaki du Gorbeialdek hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea», adierazi dute. Edonola ere, proiektuaren jatorria lehenagotik dator. 2022an pilotaje bat abiatu zuen Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta Zuhaitz Etxeak eta Etxegana spa & hotel establezimenduekin lanean hasi ziren. Proiektu propioa sortzeko aukera Hainbat lan egin ziren orduan, hala nola bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuli, menuak euskaratu, hizkuntza paisaian eragin edo sare sozialetan euskararen presentzia bermatu. Lanketaren balorazio positiboa egin zuten alde guztiek, eta proiektu propioa sortzeko aukera zegoela ikusi zuen Gorbeialdek. eusGara zerbitzuaren eragin eremua industria arloko enpresak dira, ordea, eta, beraz, landa garapenean eragiteko aukera mugatua dauka. Bada, Gorbeialdek Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo du proiektuaren finantzaketa bila, eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Horrela, bertako aholkulariak emango die laguntza landa garapeneko eta turismoko establezimenduei, itzulpen, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saio, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza edota diru laguntzeten kudeaketa zerbitzuak eskainiz. Oraingoz ‘Errotik’ proiektuarekin bat egin duten establezimendu zein ekoizleak honako hauek dira: Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zeberioko Taberna zaharra, Ermitabarri apartamentuak, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegia.