27 MAR. 2024 Lantegi irekiak, erakusketak eta bisita gidatu bereziak Aste Santuan, Artium-en Gasteizko Artium museoak egitarau berezia prestatu du Aste Santurako eta Pazko Asterako, familientzako lantegi irekiekin, bisita gidatuekin eta erakusketekin. Gainera, ostegunetik astelehenera, martxoaren 28tik apirilaren 1era, museoaren ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da etenik gabe. ‘Edonor denok inor ez’ erakusketa. (Raul BOGAJO | FOKU) Bidaiari Artium museoko iturriek jakinarazi dutenez, Carolina Caycedo artista kolonbiarraren ‘Adiskideen lurraldea’ erakusketaren baitan, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek ibai ekosistemen garrantziaren eta lotuta daramatzaten bizimoduen inguruan lan egingo dute pertsona heldu baten laguntzarekin. Lantegiak doakoak eta irekiak dira, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, eta ostegunetik apirilaren 6ra egingo dira, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era. Bisitariek, gainera, Caycedoren erakusketaren «miaketa koadernoa» izango dute, argitu beharreko hamar galderarekin, erakusketa modu bizi eta dibertigarrian ezagutzeko eta artistaren lanean sakontzeko. Halaber, Artium museoak egunotarako prestatu duen erakusketa programaren baitan, ‘Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000)’ bildumaren aurkezpena, ‘Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991’ erakusketa tematikoa eta Randa Maroufiren ‘Bab Sebta‘ proiekzioa Z aretoan izango dira. Horrez gain, bisitariek museoaren bildumako hainbat lan ikusi ahal izango dituzte eraikinaren barnealdeko eta kanpoko espazioetan, besteak beste, Juncal Ballestinen zenbait pieza, Esther Ferrerren ‘Números primos’ eta Nestor Basterretxearen ‘Estela 1’. ‘Artium osorik’ bisita gidatuak Gainera, ‘Artium osorik’ bisita gidatuak egingo dira Aste Santuan eta Pazko Astean, museoaren arkitektura, bilduma eta aldi baterako erakusketak ezagutzeko 50 minutuko ibilbidea. Apirilaren 3an eta 7an Caroloina Caycedoren erakusketaren azken bi bisita gidatu monografikoak egingo dira. Bisita guztiak museoko Lorategitik abiatuko dira. Bukatzeko, ‘Artium Txikia’ eta ‘Good Morning, Artium’ saioek aamaituko dute opor egunotako programazioa apirilaren 7an. ‘Adiskideen lurraldea’ erakusketa ikusteko azken eguna ere izango da.