bidaiari - bidaia aldizkaria

New Yorkek milaka bisitari espero ditu apirilaren 8ko eklipseak erakarrita

Apirilaren 8an eklipse berezia izango da eta aurreratu dute New York prest dagoela milaka bisitari hartzeko. Zehazki, Estatuko iparraldean elkartuko da jende gehien eta horregatik ari dira prestatzen segurtasun neurri bereziak, Kathy Hochul gobernadoreak esan duenez.

Eklipse baten irudia. (Getty Images)

Kathy Hochul gobernadoreak ziurtatu du New York prest dagoela apirilaren 8an Estatuko iparraldean izango den eguzki eklipse bereziak erakarrita iritsiko den bisitari uholdeari harrera egiteko. «Eklipsea esperientzia paregabea da belaunaldi batentzat, eta ez dago leku hoberik ikusteko gure lurraldea baino», esan du Hochulek.

Gobernadoreak jendeari ohartarazi dio trafiko bolumen handirako prestatzen ari direla, eta gogorarazi du begietarako babes egokia erabili behar dela. Halaber, esan du komenigarrai dela eklipsea ikusteko aukeratutako lekura goiz iristea eta ura eta hozkailuak eramatea.

Estatuko iparralderako norabidean (Upper State) zirkulazio-kontzentrazio handia espero denez, aurreratu du bertan behera utziko direla eraikuntza-lanak eta erreien aldi baterako itxierak.

29 konderri

Bestalde, gogoratu du eklipse osoak 29 konderri hartuko dituela, estatuaren mendebaldean eta iparraldean, baina beste eremu batzuetan %88 eta % 99 artekoa izango dela. Estatu Batuetatik ikusi ahal izango den hurrengo eguzki-eklipse osoa ez da 2044ko abuztura arte izango, gogorarazi du.

Halaber, iruzurretatik, merkantzia faltsuetatik eta ostatu faltsuen zerrendetatik babesteko eskatu die New Yorkeko herritarrei.

Gobernadorearen arabera, horrelako ekitaldi baterako segurtasun publikoaren erronkek barne hartzen dituzte trafikoaren kudeaketa, komunikazio-gaitasunak eta osasun eta segurtasun publikoa.

New Yorkeko estatuko parkeek eta NASAk ekitaldiak egingo dituzte apirilaren 8an eta baita eklipsearen aurreko asteetan ere. Beraz, hitzordua ez da egun bakarrera mugatuko.