bidaiari - bidaia aldizkaria

Gourmet bazkaria estratosferan, sukaldari daniar baten apustua

Sei lagunek bidaia benetan berezia egingo dute 2025ean, Rasmus Munk sukaldariaren egitasmoak aurrera egiten badu. Gastronomia birdefinituko duen espedizio bat antolatu nahi du espazioan.

Sei bidaiarik gastronomia birdefinituko dute espazioan. (Getty Images)

Goi mailako sukaldaritzatik espazioaren ertzera. Horixe da Rasmus Munk sukaldariaren apustua, Danimarkako gastronomia dimentsio berri batera eramanez 2025ean eskainiko duena. Zera esan zuen sukaldariak bere jatetxean egitasmoaren aurkezpena egin zuenean: «Espedizioa Space Perspectiven Neptuno espazio-ontzian egingo da (...). Bertan, sei bidaiarik gastronomia birdefinituko dute beren bizitzako janariaz gozatuz planetaren kurbaren gainean egunsentia ikusten duten bitartean».

Jatetxea Danimarkako panorama gastronomiko berriaren isla da, duela bi hamarkada existitzen ez zena eta orain mundu osoan goraipatua egiten ari den eraldaketagatik.

453.000 euro ordainduta, sei turista sei orduz espazio-kapsula presurizatu batean ontziratuko dira. Kapsula hori estratosferaraino igoko da, itsas mailatik 30 kilometrora, hidrogenoz propultsatutako SpaceBallooni esker.

Rasmus Munk, 32 urteko espazioaren zale amorratua, bidaian izango da.

Menuaren inspirazio iturria

«Espazioaren esplorazioak gizateriaren historiaren azken 60 urteetan izan duen eginkizuna eta gure gizartean, bai zientifikoki bai filosofikoki, izan duen eragina». Horixe izango omen da menu bereziaren inspirazio iturri.

Kapsula itsasontzi batetik aireratuko da, baina, abiatu aurretik, itsasontziko sukaldean plater asko prestatuko dira.

Seguruenik, gustagarriak izango dira, World 's Best 50 Restaurants gidaren arabera, 2023an munduko bosgarren jatetxerik onena izan baita Rasmus Munkek kudeatzen duena.