30 ABR. 2024 Turismo enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak, abian Turismo enpresen ekintzailetza sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea helburu duten 2024ko laguntzak onetsi berri ditu Lakuak. Enpresen berrikuntza teknologikoa, turismo eskaintzaren hobekuntza eta optimizazioa sustatu nahi da, turismo seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarria lortzeko. Turismo seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarria lortu nahi da. (Getty Images) Bidaiari Eusko Jaurlaritzako Gobernu kontseiluak turismo enpresen ekintzailetza sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko 2024ko laguntzak onetsi berri ditu. Laguntzen zuzkidurak 2023ko deialdiko aurrekontu bera mantendu du, 1.285.000 euro, hain zuzen ere, eta turismo ekintzailetza eta lehiakortasuna indartzea eta bultzatzea da xede. Zehazkiago, Jaurlaritzaren arabera, laguntzen helburua da Euskal Herrian tokiko garapena erraztuko duten turismo negozio berriak sortzen eta euskal turismo enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, berrikuntza teknologikoa, turismo eskaintzaren hobekuntza eta optimizazioa edo turismo seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarrirantz egokitzea sustatuz. Negozio berriak eta lehiakortasuna Horrela, turismoaren arloan negozio berriak sortzeko ekintzailetzarako zuzkidura 500.000 eurokoa da, eta turismo enpresen lehiakortasuna hobetzeko 785.000 euro erabiliko dira. Gasteizko iturriek ezagutzera eman dutenez, programaren onuradunak turismoan diharduten enpresak dira, hala nola ostatu enpresak eta jatetxeak, bitartekaritzakoak, turismo garraiokoak, turismo aktibokoak, biltzar antolatzaile profesionalak, turismo gidariak eta autokarabanentzako harrera eremu berezien titularrak. Aurten hartutako erabakien inguruan aipa daitezke berritasun gisa turismo enpresen lehiakortasuna hobetzearen arloan diruz lagundu ahal izango direla mugikortasun mugatua duten pertsonen irisgarritasuna errazteko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko egiten diren zaharberritze lanak.