02 MAY. 2024 Leioa, berriz ere umorez zipriztinduta Maiatzaren 16tik 1ra bitarte, aukera polita izango da Leioa bisitatzeko, Umore Azokaren 24. edizioa ospatuko baita. Guztira, kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu topaketak. Aurtengo edizioko kartela. (Umore azoka.) Bidaiari «Aurten ere, programazioa kalitateagatik nabarmentzen da, baita komunikatzeko, transmititzeko eta kalea eraldatzeko modu eta estilo berriak biltzeko duen ahalmenagatik. Edizio honetan ikusiko diren ekitaldiak aurten proposatutakoak direla kontuan izan behar da, eta, beraz, kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emanaldi berriak ikusteko aukera izango dugu», azaldu du Leioako alkateak Umore Azokaren 24. edizioaren aurkezpen ekitaldian.Euskal Herriko 18 eta beste herrialde batzuetako 23 taldek parte hartuko dute aurtengo Leioako Umore Azokan. Guztira, 27 estreinaldi izango dira, hainbat diziplinatakoak, hala nola dantza, antzerkia, clowna, musika, performancea, zirkua, txotxongiloak, instalazioa, arte bisualak eta magia. Euskal Herriko taldeekin batera, Espainia, Katalunia, Galizia, Portugal, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikokoak ere izango dira. Gainera, Umore Azokak urtero Leioako konpainia bat hartzen du, eta 2024an Mutis Danza izango da.41 ikuskizun Umore Azokak izango dituen 41 ikuskizunak 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dira, eta jaialdiaren historian inoiz izan den parte hartzerik handiena izan da. Agertokiei dagokienez, 15 espazio nagusi izango ditu, eta 30 kokaleku eszenikotan banatuko dira, udalerriaren erdigunean, joan-etorriak azkar eta modu eroso batean egin ahal izateko. Umore Azokaren ezaugarrietako bat kaleko arteen industriaren garapena sustatzeko ekarpena da, kaleko artista guztien arteko topagunea delako eta sektoreko profesionalen arteko harremanetarako foro gisa. Horrela, VII. Artekale-Sarea topaketa egingo da Kultur Leioako erakusketa aretoan eta bertan izango dira euskal konpainia guztiak. Ondoren, bilera bat egingo da Artekaleko profesionalekin, haien proposamenak aurkezteko eta sektorearen egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketak partekatzeko. Gainera, maiatzaren 17, 18 eta 19an Umore Meeting jardunaldiak egingo dira, konpainiek euren sorkuntzak erakutsi ahal izateko programazio arduradunei. Aurten, adibidez, Poloniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako, Portugaleko eta abarreko programatzaileek parte hartuko dute.Azkenik, Umore Azokaren 24. edizioak ere sariak banatuko ditu. Kaleko arteetan ospe handia duten profesionalek osatutako epaimahaiak emango du ikuskizun onenaren saria, eta sari berezia ere emango zaio kaleko arteei duintasuna eta balioa emateko lan egin duen erakunde bati. Irabazle zerrenda maiatzaren 17an jakinaraziko da.