bidaiari - bidaia aldizkaria

Santutxu, hiriko euskaltzaleen topagune Udaberriko Bertso Saioari esker

Udaberriko Bertso Saioari esker, Santutxu hiriko euskaltzaleen topagune bihurtu da maiatzaren 4tik 24ra bitartean. Urtero bezala, kultura eta euskal giroa sustatzea eta Santutxuko Bertso Eskola beteranoaren lana babestea izango da topaguneen helburua. Beraz, aitzakia paregabea auzoa bisitatzeko eta bide batez bertsolaritzaz gozatzeko.

Maialen Lujanbio ere izango da topaketan. (Gorka RUBIO | AFP)

Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak elkarlanean antolatzen dituzten Udaberriko Bertso Saioak programaren beste edizio bat izango da maiatzean Santutxu auzoko Karmelo plazan. Hiru saio izango dira, maiatzaren 4, 11 eta 18an, eta hilaren 24an ohiko bertso-poteoa egingo da Karmelo plazatik bertatik hasita.

Edizio berri honetan 14 bertsolarik hartuko dute parte. Hiru bertsolari belaunaldi ezberdin ordezkatzen dituzte eta zortzi bizkaitarrak dira, «lurralde honetan bertsolaritzaren inguruan arnasten den osasun onaren adibide», antolatzaileen esanetan. Gainera, azken lurralde txapelketetako lau txapeldunak ere bertan izango dira.

Berriak eta beteranoak

Aissa Intxaustik, Aitor Etxebarriazarragak eta Arkaitz Zipitriak lehen aldiz parte hartuko dute programan eta dagoeneko 20 urte baino gehiago daramatzaten Maialen Lujanbio, Jon Maia, Unai Iturriaga, Oihana Bartra, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi ere oholtza gainean izango dira. Saio bakoitzeko gaiak Santutxuko Bertso Eskolak proposatuko ditu Irati Erkizia, Haizea Telleria eta Ibon Ajuria izango dira gai jartzaileak.

Azkenik, bertso-poteoa maiatzaren 24an izango da, 20:00etatik aurrera, Karmelo kaleko 5ean abiatuta. Iker Uribarrenen gidaritzapean, Jon Maiak eta Onintza Enbeitiak hartuko dute parte.

Beraz, maiatzean zehar aitzakia polita eskainiko du Santutxuk, bai auzoa ezagutzeko, bai bertsolaritzaz gozatzeko.