bidaiari - bidaia aldizkaria

‘City of Flowers’, loreen bidez Gasteizen bisitariak erakartzeko ekimen berria

‘City of Flowers’ izeneko ekimenaren lehenbiziko edizioa egingo da Gasteizen maiatzaren 13tik 18ra bitarte. Egitasmoaren helburua da loreen eta landareen mundua adin guztietako publikoari gerturatzea, hiriko erdiguneko kaleak dinamizatzea eta bisitariak erakartzea.

Lehen edizioaren kartela. (vitoria-gasteiz.org)

‘City of Flowers’ Euskal Herrian egingo den Loreen I. Jaialdia izango da. Gasteizen izango da maiatzaren 13tik 18ra bitarte.

Antolatzaileen esanetan, ekimenaren bizkarrezurra Gasteizko eskulturen, fatxaden eta erakusleihoen lore dekorazioa izango da, eta maiatzaren 17ko 17:00etatik biharamuneko 22:00ak arte egongo da ikusgai. Lore Dekorazioaren Ibilbidean honako txoko hauek egongo dira: Andre Maria Zuriaren plaza, Loma Jeneralaren plaza, Florida parkea, Arka plaza eta Dato kalea, Amarika plaza eta Urrezko Zeledonak plaza.

Andre Maria Zuriaren plazan, La Huerta de Jose Mari-k apainduko du Gasteizko Batailaren Monumentua; Iris eta Arantza loradendek beren ukitua emango diote Gasteizko eskultura begetalari; eta Goya Floristas-ek gauza bera egingo du San Migeleko balkoiarekin eta Zeledonen estatuarekin.

Bi interesgune Loma Jenerala plazan

Loma Jenerala plazak bi interesgune izango ditu; hala, ‘La mirada’ eskultura Aísla con Jon-ek apainduko du, eta ‘Hombro con hombro’, berriz, Frutas Zelaia-k. Florida parkean, berriz, bost gune enblematiko apainduko dituzte: Floridako kioskoa Kerkus eta Muscari loradendek apainduko dute; Wynton Marsalis estatua, Quercus loradendak; Ignacio Aldecoaren irudia, Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeak; Manuel Iradier estatua, Floristería Santa Isabel loradendak; eta Eduardo Datoren irudia, aldiz, Floristería Angelines loradendak.

Arka plazan eta Dato kalean beste bost tokitan jarriko da arreta. El secreto de las Hadas-ek apainduko du ‘Ibiltaria’, M Class Moda Centro-k Arka plaza, eta Eguzkilore-k bere ukitua emango dio ‘Gogoeta’ estatuari (‘El Torero’ izenarekin da ezagunagoa).

Ibilbidea osatzeko, Floristería Inés loradendak apainduko du Amarika plazako ‘Hombre Arcoíris’ eskultura, eta Centro de jardinería Arkaute-k Urrezko Zeledonak plazako 'Isiltasunean Oihuka' lana apainduko du.

Parte hartuko duten saltokientzako pizgarri osagarri gisa, publikoak monumenturik gogokoenaren aldeko botoa emateko aukera izango du. Horretarako, lan bakoitzaren informazio panelean dagoen QR kodea eskaneatu beharko da. Parte hartzen dutenak 50na euroko bost Regala Gasteiz txartelen zozketan sartuko dira. Gainera, argazkiak Instagram sare sozialean partekatzen dituztenek ekimenean parte hartuko duten loradendetan erosketak egin ahal izateko 50na euroko 20 txartelen zozketan parte hartuko dute.

Lore Dekorazioaren Ibilbidea osatzeko, bisita gidatuak antolatu dira euskara eta gaztelaniaz ekimenean parte hartuko duten saltokiek diseinatutako proposamenak ezagutzeko: maiatzaren 17an 19:00etan, eta hilaren 18an 10:30ean, 12:30ean, 17:00etan eta 19:30ean.

Loreen merkatua

Gainera, maiatzaren 18an Loreen Merkatua egingo da Andre Maria Zuriaren plazan 11:00etatik 21:00etara, eta lore sortak, lore zentroak eta landareak erosteko aukera egongo da. Arabako Bonsaien Elkartea, Secreto de las Hadas, Floristería Angelines, Floristería Arantza, Floristería Santa Isabel 13 eta Margarita me llaman izango dira parte hartzailea. Doako tailerrak eta erakusketak ere egongo dira, baina horietarako beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Egun berean, Probintzia plaza txikienentzako gune bihurtuko da haurrentzako tailerrei, puzgarriei, jolasei eta aurpegi margoketako ekintzekin. Oroimenerako plazan, aldiz, Amerikako autoen erakusketa egingo da, eta Florida parkean doako kirol jarduerak izango dira.

Bestalde, Gasteizko saltokiek proposamenarekin bat egin dute Aenkomer elkartearen erakusleihoen hamaikagarren lehiaketarekin. Aurten, gainera, loreekin egindako girotzea izango du maiatzaren 13tik 23ra bitarte. Establezimendu horiek «esperientzia erakargarriak» eskainiko dituzte maiatzaren 16tik 19ra bitartean (tailerrak eta hitzaldiak, adibidez). Beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Loreen Gastronomia Ibilbidea

Egitarauak, gainera, Loreen Gastronomia Ibilbidea ere barne hartzen du. Horri esker, maiatzaren 16tik 19ra bitartean, tokiko ostalaritzak ernamuinekin, landareekin eta loreekin prestatutako janariak dastatzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, ostalaritzaren sektoreari zuzenduta, loreak protagonista izango dituzten hitzaldi eta tailerrak antolatu dituzte Abastos plazan, maiatzaren 13tik 15era bitarte.

Odol emaileen autobusak elkartasun ukitua jarriko dio ekimenari, eta maiatzaren 17an eta 18an Katedral Berriaren plazan aparkatuta egongo da eta odola ematen dutenek landare eder bat jasoko dute opari. Egun horietan, hiriko kaleetan zehar jazz musika ibiltaria izango da Jazz Vitoria elkartearen laguntzari esker.

Antolakuntzak ‘City of Flowers’ ekimenarekin lotutako informazio gune bat jarriko du herritarrentzat. Maiatzaren 17an Andre Maria Zuriaren plazan egongo da, 17:00etatik 22:00etara, eta biharamunean toki horretan bertan eta Probintzia plazan, 10:00etatik 22:00etara.