14 MAY. 2024 Gipuzkoako parke naturaletan lau egun berezi ospatuko dira maiatza eta ekainean Gipuzkoako Parke Naturalen Sarea osatzen duten lau udalerrirekin lankidetzan, Diputazioak lau egun berezi antolatu ditu herrialdeko parke naturaletan. Helburua du ingurune naturalak eskaintzen duen aberastasuna herritarrei ezagutaraztea. Aiako harria. (Andoni CANELLADA | FOKU) Bidaiari Gipuzkoako parke naturaletan ospatuko diren lau egun berezi antolatu ditu Diputazioak, «ingurunea ezagutzeko, maitatzeko eta zaintzeko». Maiatzean eta ekainean izango dira eta helburu izango du «ingurune naturalak eskaintzen duen aberastasuna herritarrei ezagutaraztea, jasangarritasunaren alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoa kontuan hartuta».Xabier Arruti Gipuzkoako Aldundiko Lurralde Oreka berdeko diputatuak ekimenaren aurkezpenean gogorarazi du Gipuzkoako azaleraren %15 lau parke naturalei dagokiela: Aizkorri-Aratz, Aiako-Harria, Aralar eta Pagoeta. «Gure biodibertsitatea zaintzeari, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera bultzatzeari eta gure aisialdiaz gozatzeari dagokionez, garrantzi estrategikoa duten lau bitxi dira», gaineratu du. «Harmonia perfektua» Bere hitzetan, lau parke naturalek «harmonia perfektua» irudikatzen dute jasangarritasunari dagokionez. Horrela, inguruneotan nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera eta basoko bizitzak elkarri mesede egiten diotela azaldu du, eta horrek, aldi berean, komunitate gipuzkoarraren ongizaterako eta aisialdi osasungarrirako «giro egokia, segurua eta osasuntsua» izatea dakarrela. Parke naturalen egunak larreetako artzaintza garaiarekin batera ospatzen dira, eta, horrela, jardueren programa antolatzeko lau gune berezi aukeratu dira, bertaratzen denak inguruko biodibertsitatearen eta abeltzaintza jardueraren arteko sinbiosiaz gozatzeko. Formatua antzekoa izango da kasu bakoitzean. Hasieran, parte hartzaileak parke natural bakoitzaren barruan jarritako topagune batean bilduko dira, handik gainerako jarduerak egingo diren gunera joan ahal izateko. Programatutako ekintzen artean, abereen eta artaldeen funtzionamendua eta zaintza azaltzeko saioak eta Gipuzkoako Aldundiko Basabizi basko fauna berreskuratzeko zentroan zonaldeko biodibertsitatea zaintzeari dagokionez egiten ari diren lanaren azalpenak nabarmentzen dira. Parte hartzaileek palankarien erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute. Egun bakoitza Et-Incarnatus taldearen musikarekin amaituko da, Migel Zeberioren zuzendaritzapean. Egun bakoitzaren arabera aldatuko da errepertorioa, eta inguruko gazta dastatu eta erosteko parada ere egongo da. Fetxak eta lekuak Lehen eguna maiatzaren 26an izango da, Aiako Harrian (Oieleku, Oiartzun); ekainaren 2an Aizkorri-Aratzen egingo da (Garagartza, Arabako eta Gipuzkoako Partzuegoa), ekainaren 8an Pagoetan (Iturrarangaña, Aia) eta ekainaren 16an Aralarren (Esnaurreta-Pikueta, Enirio-Aralarko Mankomunitatea).Ezin izango da eremuetara ibilgailu partikularrarekin hurbildu, baimenik ezean, eta Gipuzkoako Diputazioak doako autobus zerbitzua jarriko du. Autobus zerbitzuari eta izen-emateari buruzko informazioa https://www.gipuzkoanatura.eus webgunean izango da eskuragarri egun bakoitzaren aurreko astetik aurrera.