29 MAY. 2024 Bidaietako blogari eta influencerren nazioarteko topaketarik handiena, Donostian TBEX 2024 topaketa egingo da Donostian, maiatzaren 30ean eta 31n. 2009an sortu zen elkarte gisa AEBetan eta egun nazioarteko 700 bidaia idazle eta bizi estilo onenetakoak omen direnak biltzen ditu. Topaketei esker, ehunka eduki sortuko omen dira kanal desberdinetan. (Getty Images) Bidaiari TBEX erakundeak Donostia aukeratu du TBEX 2024 topaketa egiteko Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez. 30 herrialde baino gehiagoko bidaia blogarien eta influencerren komunitatearen nazioarteko fororik handiena da, eta, biltzarra egiteaz gain, parte hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan zehar ibiltzeko aukera izango dute. Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, TBEX 2009an sortu zen elkarte gisa AEBetan, eta gaur egun nazioarteko 700 bidaia idazle eta bizi estilo onenetakoak biltzen ditu. Biltzarrarekin batera, TBEXek hainbat gairi buruzko tailerrak eta lan saioak antolatuko ditu, storytelling, idazketa sortzaile, argazkilaritza espezializatu, bideoen sorkuntza, podcasting eta SEOri buruzkoak, besteak beste. Marketing munduko arrakasta kasuak «TBEX aukera bat da, networking-erako ez ezik, social media, influencer eta marketing munduko arrakasta kasuak ezagutzeko ere. Era berean, Euskadirentzat garrantzitsua da influencer horiei harrera egin ahal izatea, ehunka eduki sortuko baitira kanal desberdinetan, eta horrek marketin kanpaina aparta eskainiko du», azaldu dute. Biltzarra maiatzaren 30ean eta 31n egingo da, Donostiako Kursaalean. Aurretik, ibilaldiak egingo dira hiria eta inguruak ezagutzeko eta topaketa bat egingo da Getarian euskal gastronomia dastatzeko.Gainerako egunetan eta asteburuan, berriz, EAEko hiru lurraldeetako jarduerak eta bidaiak egingo dira: Goierri eta Tolosaldea Gipuzkoan, Arabako Errioxa, Gasteiz eta Gesaltza Añana Araban, eta Bilbo, Enkarterri eta kostaldea Bizkaian.