10 JUN. 2024 Arabako Aldundiak bere eskaintza turistikoa eraman du Bilbora Ekainaren 10 eta 11n, Arabako Foru Aldundiak bere eskaintza turistikoa sustatuko du Bilbon. Turismo bulego bat ere jarri da bertan, lurraldeko natura oparoa, ondare aberatsa eta enogastronomia aintzatetsia ezagutarazteko bilbotarren artean. Gasteizko Santa Maria Katedrala. (Juanan RUIZ / FOKU) Bidaiari Arabako Foru Aldundiak bere eskaintza turistikoa sustatuko du Bilbon ekainaren 10 eta 11n lurraldeko baliabide turistiko garrantzitsuenen irudiak dituen trailer tematizatu batekin, Intermodal geltokiaren aurrean. Gainera, turismo bulego bat jarri da bertan, lurraldeko natura oparoa, ondare aberatsa eta enogastronomia aintzatetsia ezagutarazteko bilbotarren artean. Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak azaldu duenez, Bilboko ekintza «geografikoki hurbil dauden lurraldeetan egoteko estrategia baten parte da, hurbileko turismoa erakartzeko helburuarekin». «Joan den astean Donostian egon ginen, eta uda ostean Valladoliden aurkeztuko dugu helmuga», gaineratu du. Halaber, iragarri du Arabako turismo sektorerako garrantzitsuak diren beste merkatu batzuetako bidaia agentziei eta hedabideei ere aurkeztuko zaie Araba helmuga turistiko gisa, hala nola Sevillan eta Alacanten, Forondarekin aireko konexio zuzena baitute, eta Valentzian, Arabara bidaiariak igortzen dituen laugarren merkatu autonomikoa baita. Beste merkatuak Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak atzerriko lau merkatu ere landuko ditu: Frantzia eta Portugal, Arabara turistak igortzen dituzten atzerriko bi merkatu nagusiak, eta Italia eta Belgika, hegazkin bidez konektatuta daudenak Gasteizekin. Guztira, 151.000 pertsonak bisitatu dute Araba urtarriletik apirilera, eta 342.000 gau baino gehiago egin dituzte hotel, landa ostatu eta apartamentuetan, hau da, 2023ko aldi berean baino %3 eta %10 gehiago, hurrenez hurren. Batez besteko egonaldia lehenengo lauhilekoan 2,3 egunekoa izan da, duela urtebete baino %6 gehiago.