02 JUL. 2024 Bermeoko Udalak Gaztelugatxerako bisita gidatuak eskainiko ditu Bermeoko Udalak eskaintza turistiko zabala prestatu du uztailerako eta abuzturako “Bizi Bermeo’ ekimenaren bitartez, eta, besteak beste, Gaztelugatxera joateko autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu. Eskaintza guztia bizibermeo webgunean aurki daiteke. Hainbat bisitari Gaztelugatxeko San Juan uhartera sartzen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) Bidaiari Bermeoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, «bermeotarrek zein bisitariek itsasoari eta arrantzari lotutako udalerriaren nortasuna eta bizimodua erakusten duten hamaika aukera dauzkate herrian bertan egin ahal izateko». Herrigunean bertan, Frantziskotarren eliza bisitatu eta Jose Angel Lasaren “-n, -z, -tik, -rantz” eskultura erakusketaz gozatzeko aukera izango da. Ertzilla Dorrean dagoen Arrantzaleen Museoa da Bermeon bisitatu beharreko beste lekuetako bat, eta orain, gainera, Iñaki Marcaidaren “Bermeo Portu Zaharra 1877-2024” erakusketa du ikusgai. «Eta, zelan ez, Bermeoko bazterrak, herriaren identitatea, tradizioak eta gastronomia ezagutzeko aukerak ere badaude, bisita gidatuak eginez. Bermeo ezagutzeko beste modu bat itsasotik egitea da, eta horretarako ere aukera ugari aurkezten ditu “Bizi Bermeo”-k, itsasontziz nabigatzea esperientzia ahaztezina delako», azaldu dute. Autobus zerbitzua Halaber, urtero bezala, Bermeotik Gaztelugatxera joateko autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez: Bermeotik Gaztelugatxeko joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa. Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira, eta 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik. Uztailean, astelehenetik larunbatera bitarte eskainiko dira bisita gidatuak, eta abuztuan, berriz, egunero. Gaztelugatxeko San Juan ezagutzeko »modurik erosoena» dela ziurtatu dute. Erreserbak bizibermeo webgunearen bidez egin daitezke (10 euro nagusientzat, 3 euro 6 eta 12 urte bitartekoentzat eta doan 6 urtetik beherakoentzat). Gehienez, 6 urtetik beherako bi ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko.Bermeo Tuna eta pintxo tourBestalde, “Bizi Bermeo” eskaintzaren baitan, Bermeo Tuna World Capital erakundearekin elkarlanean, Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimena izango da uztailean eta abuztuan. bertako gastronomiaz gozatzeko aukera eskainiz herriko 21 tabernatan, hala nola «hegaluze onena Bermeoko itsasontziak hegaluzea harrapatzen duten sasoi honetan». «Hartara, gure herriak itsasoarekin, arrantzarekin eta hegaluzearekin duen lotura agerian uzteaz gain, gure tokiko produktua sustatzen da», adierazi dute. ‘Bermeo Tuna World Capital’ logoa duten bost tabernetako pintxoak dastatu, tabernetako zigilua lortu eta horretarako prestatu den diptikoa beteta, zozketa batean parte hartzeko aukera egongo da. Diptikoa Turismo Bulegora eraman beharko da, eta hori egiten dutenek, Bermeo Tuna World Capital-eko otzara bat irabazteko aukera edukiko dute, uztailean edo abuztuan egingo diren zozketetan. Otzarak bertoko produktuak izango ditu, etxean ere kalitaterik onenaz gozatzen jarraitzeko. Bermeoko Udalak herritarrak zein bisitariak animatu ditu Bermeo Tuna Pintxo Tour ibilbidea gozatzera, betiko pintxoak betiko moduan dastatzeko aukera ematen baitu.