bidaiari - bidaia aldizkaria

Erramako Koliseoan, gaueko bisita gidatu bereziak eta Klasikoen emanaldiak

Uda iristen denean, Erromako Koliseoaren egitaraua zabaldu eta aldatu egiten da. Gaua iristen denean, ateak irekitzen ditu bisita gidatuak eskainiz. Zinemako klasikoak ere eskaintzen dituzte Venusen tenpluan ezarritako pantaila erraldoi batean.

Koliseoak magia berezia du udako gauetan. (Getty Images)

Erromako Koliseoak, garai batean gladiadoreen borroka bortitzen eta gizarte erromatarraren ikuskizunen eszenatokia izandakoak, pasioak pizten ditu berriro, oraingoan ilargiaren argitan: ibilaldi arkeologikoak, zinemako klasiko handiak eta eztabaida literarioak eskaintzen zaizkie bisitariei uda erromatarreko gau beroetan.

«Gauean, iluntasunean, Koliseoak oso ikuspegi bereziak iradokitzen dizkie bisitariei», dio Alfonsina Russo Parke Arkeologikoaren zuzendariak. Bertatik egunero milaka pertsona igarotzen dira.

Flavio anfiteatroaren barruan, munduko handiena, eguzkia Palatinoko muinoaren atzean ezkutatzen den bitartean, Russok ez du zalantzarik: «Hobe da Koliseoa ilargiaren argitan ikustea».

Koliseoa, ilargiaren argitan

Uda iristen denean, Erromako sinbolorik handienak ateak zabaltzen ditu gaueko ordutegian, bisita gidatu bereziak antolatuz, bere zirrikitu guztiak ikuspegi bikoitzetik erakusteko: gladiadoreena eta publikoarena.

Bisitaldi horiek (gehienez 25 laguneko taldeak osatuz) anfiteatro erraldoi ia huts horretaz gozatzeko aukera ematen diete bisitariei, egunez ez bezala. Apenas turistarik gabe, iluntzean, giro idilikoa sortzen da, egokia historian murgiltzeko.

Erromako antzinako ikusleen ikuspuntutik abiatuta, bisita Koliseoaren barruan hasten da, ondoren bisitariak gladiadoreen larruan jar daitezen, borrokak gertatzen ziren erdiko obaloan.

«Eta gero, anfiteatroaren bihotza irudikatzen duten lurrazpikoetara jaisten dira, non gladiadoreak prestatzen ziren atera aurretik», adierazi du Russok tunel labirinto erraldoi baten gainean. Hain zuzen ere, handik  igotzen ziren animaliak, egiturak eta objektuak.

Bertan, erakusketa iraunkor bat dago, gladiadoreek borroketan erabiltzen zituzten jantziak, armak eta tresnak erakusten dituena. Tresna horiek garaiko grabatuetan, mosaikoetan eta pinturetan oinarrituta daude, Triunfalis atetik irten aurretik ikusi ahal direnak.

Gainera, ilunabarrean, Palatinoaren oinetan, Koliseoa, zehazki Venusen tenplua, aire zabaleko zinema-areto bihurtzen da. Klasikoak eskaintzen dituzte pantaila erraldoi batean. 15.000 pertsona inguruk bisitatu zuten, batez beste, aurreko bi urteetan.