bidaiari - bidaia aldizkaria

Ekuadorreko indigenak, Amazoniaren defentsan eredu, hauskortasunaren erdian

Ekuadorko shuar, sapara eta Kichwa komunitate indigenak Amazoniaren kontserbazioaren adibide bihurtu dira, bere lurraldeak (bereziki petrolioa eta urrea ateratzeagatik mehatxatuta) babesteko egindako ekimenei esker.

Airea ere kutsatzen ari dira Amazonian. (Getty Images)

Pachamama Fundazioak eta Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF, ingelesezko sigletan) eman ditu ezagutzera datuak. Hiru komunitatetan egin dituzte ikerketak, beren lurraldeak defendatzeko duten sendotasunagatik, baina hauskorrak dira erauzketa-mehatxuen eta horien ondorioen aurrean.

‘Defentsa-historien’ bidez, Amazoniaren iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko herri eta nazionalitate indigenen eskubide kolektiboen autodeterminazioan oinarritutako kontserbazio-ekimenak ikusarazi nahi dira.

WWFko Esteban Falconík esan duenez, komunitateetako turismo-proiektu batzuk «petrolio-isurien mehatxupean daude», eta horrek osasun-arazoak eta ur-falta eragiten ditu.

Airea ere kutsatuta

«Euritik ere ezin dute urik bildu, airea ere kutsatuta baitago metxeroen gasarekin (petrolio-industriakoak)», adierazi du. «Zorionez –gaineratu du–, komunitate baten inguruko ibai batean urrerik ez dago, baina beste batzuetan, aldiz, indigenek minerala bereizi gabe erauzten dute natura txikituz».

Pachamamako lege-aholkulari Cristina Melok salatu duenez, «Estatuari ez zaio gustatzen beste erkidego, instituzio edo erakunde batzuek babestutako eremuak izendatzea, uste baita kontserbazioaren monopolioak Estatuan egon behar duela», nahiz eta Estatuak hainbat eragile izan eta gobernantza-sistema eta lurraren kudeaketa komunitarioko sistema desberdinak onartu behar diren.

Llanchamacochak etengabeko mehatxuei egin behar die aurre: erauzketa-jarduerak, elikadura-segurtasuneko arazoak eta bere kultura eta hizkuntza galtzeko arriskua, besteak beste.
Kamunguishiren adierazpenaren bidez –krisi ekologikoari aurre egiteko eta petrolio gordina lurpean uzteko gida–, saparek munduari erakusten diote beharrezkoa dela paradigma aldatzea, gizakia naturaren zati integral gisa ikusteko.