09 SET. 2024 Oreinen marrualdia dela eta, mugatuta ibilgailuak Gorbeiako Parke Naturalean Oreinen marrualdia dela eta, Arabako Foru Aldundiak ibilgailuen joan-etorria mugatuko du irailaren 9tik urriaren 13ra arte Gorbeiako Parke Naturalean, baita zenbait erabilera eta jarduera ere, Zuia eta Zigoitia udalerriei eragiten baitie. Oreinak babesteko neurriak hartu dira. (gorbeiaparkea.eus) Bidaiari Arabako Diputazioak adierazi duenez, oreinen sakabanatze geografikoa saihesteko eta ugaltzeko aldietan edo marrualdietan hautespen naturalaren alde egiteko helburu bikoitzarekin, beharrezkoa da espeziearentzat kritikoa den aldi horretan ahalik eta gehien murriztea kanpotik datozen nahasmenduak naturgune babestuaren isurialde arabarrean. Horregatik, irailaren 9tik urriaren 13ra debekatuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa, berariaz baimendutako kasuetan izan ezik, hau da, egur, larre, luberritze aprobetxamendu edo ikerketa zientifiko baimenduen kasuan izan ezik. Marrualdian zehar igarotzeko mugak dituzten pistak eta bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta zaldizko ibilbideek eta mendiko bizikletaz egindakoek ere parkeko arduradunen baimena izan beharko dute.Era berean, perretxikoak eta basafruituak biltzea debekatuta egongo da aldi horretan, marrualdiaren eremuan, bai eta premiazkoak ez diren basogintza jarduerak ere, hala nola sastrakak kentzea, bakanketak edo mehazketak. Gune bereziak marrualdia ikustekoDiputazioak gogorarazi du oreinen marrualdia ikusi nahi dutenek horretarako gaitutako gune berezietan egin beharko dutela, alegia, entzuteko, behatzeko, argazkiak egin eta filmatzeko behatokietan. Irudiak bidexketatik kanpo grabatzeko jarduerek Gorbeiako Parke Naturalaren berariazko baimena izan beharko dute (baimen horrek lekuak, ordutegiak eta portaera arauak zehaztuko ditu).