bidaiari - bidaia aldizkaria

Bilbo, zirkuko arteen hiriburu

Bilbo zirkuko arteen hiriburu bilakatuko da irailaren 18tik 21era, Zirkualde jaialdiari esker. Aurten, autonomia-erkidego guztietako Profesionalen Elkarteen urteko Topaketa, Zirkoa SAREAn, EKO-Pirineos de Circo programako prestakuntza-laborategiak eta Dantza Bertikalaren II. Topaketa ere egun horietan izango dira.

Aurtengo kartela. (Bilboko Udala)

Bilboko Kultura eta Gobernantza zinegotzi Gonzalo Olabarriak era honetan aurkeztu du irailaren 18tik 21era hirian ospatuko den Zirkualde jaialdia: «Bilbok tokiko artisten sormen-lanak sustatu eta babesten ditu; gainera, talentu hori beste herrialde batzuetan ezagut dezaten saiatzen da. Aldi berean, forma eta pentsamendu artistiko ezberdinak ezagutzeko nazioarteko ikuskizun eta konpainiak hartzen dituen Hiria izaten jarraitzen du. Izan ere, uste dugu kulturak pertsonak batzen eta mugak desitxuratzen dituela, eta horri esker ikasten dugula».

Jaiadiaren bosgarren edizioaren agertoki nagusiak Errekaldeko auzoa, Ametzola plaza –Errekalde plazako obrak direla-eta– eta El Fango kiroldegia izango dira. Campos Eliseos Antzokira ere hedatuko da.

Ametzola plazan izango dira emanaldi gehienak: La Fem fatal (‘Aske’) eta Nicanor de Elia (‘Copyleft’) konpainiak, irailaren 19an, osteguna; Un Loup Pour L’homme (‘Passing swiftly’), Collectif Primavez (‘Laisse-Moi’) eta Los Putos Makinas (‘Tutti Frutti’), hilaren 20an, ostirala; Un Loup Pour L’Homme (‘Passing Swiftly’), Vaivén Circo (‘Anonimoa’) eta La Banda Teatro-Circo  (‘Yûgen’), hilaren 21ean, larunbata. Bestalde, Campos Elíseos Antzokian, Cía Impulso taldearen ‘Lenguajes’ izango da ikusgai, 19an, ostegunean.

Guztira, zortzi konpainiak jendaurrean erakutsiko dituzte zirkoa, antzerkia, musika, dantza, malabarak eta esperientzia murgiltzaileak nahasten dituzten azken sorkuntzak, besteak beste.

Dantza Bertikaleko Piezen Erakusketa

Horrez gain, irailaren 18an, asteazkena, El Fango kiroldegian Dantza Bertikaleko Piezen Erakusketa izango da; hau da, herritarrei irekitako jarduera, Dantza Bertikalaren II. Topaketaren barruan. Udalak antolatu du La Glo Zirko eta Dantza konpainiarekin lankidetzan, eta programazioan diziplinako profesionalek eskainitako tailerrak eta ikastaro teorikoak nahiz hitzaldiak eta mahai-inguruak biltzen dira.

Zirkuko artista eta aireko akrobata eta La Glo Zirko eta Dantza konpainiako zuzendari Gloria Peonek aurkezpenean nabarmendu duenez, diziplinako profesional garrantzitsuak hurbilduko dira hitzaldi, tailer eta laborategietara, eta berak ere eskainiko ditu. Tartean aurkitzen dira Lindsey Butcher, Pere Villarubla, Isaac Flix Archs, Alejandra Deza, Juan Leiba, Iris González, Maitane Sarralde eta Zinbulu Kolektiboa.

Jardunaldi horiek Errekalden egingo dira oso-osorik irailaren 16tik 19ra bitartean; zehazki, El Fango Udal Kiroldegian eta Barrutiko Udal Zentroan, eta dantza bertikalaren eta arnes lanaren erdi-profesional eta profesionalek zuzenduko dituzte.