24 SET. 2024 Getxo, komikien topaleku Getxo komikien topaleku bilakatuko da irailaren 27tik 29ra, Komiki Azokaren 22. edizioa ospatuko baita. Guztira, 40 saltoki egongo dira Areetako Geltokia plazan eta Romoko Ibaiondo kalean. Aurtengo azokaren kartela. (Getxoko Komiki Azoka) Bidaiari Irailaren 27tik 29ra, Getxoko Komiki Azokaren 22. edizioa ospatuko da 40 saltokirekin. Areetako Geltokia plaza eta Romoko Ibaiondo kalea izango dira leku estrategikoak, baina Romo Kultur Etxean hainbat ekitaldi egingo dira. Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, ohi bezala, bederatzigarren artearekiko hitzorduan artista ezagunek parte hartuko dute, hala azokaren gune komertzialean, nola Romo Kultur Etxean programatutako jardueretan. Horrela, 40 salmenta postu izango dira merkataritza gunean (Areetako Geltokia plaza). Liburu dendek, argitaletxeek, merchandising establezimenduek eta fanzineek parte hartuko dute, besteak beste. Gainera, Romo Kultur Etxean egingo dira nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketak. Sektoreko egile nabarmenetako batzuk izango dira bertan, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta egileen sinaduretan parte hartuko dute (sinadurak leku horretan zein salmahaietan egingo dira). Halaber, nobedade gisa, aurten Areetako Geltokia plazan ere ekintzak izango dira, hala nola tailerrak eta familientzako instalazio bat. Zenbait artista Artista gonbidatuei dagokienez, azokan honako hauek izango dira: Carla Berrocal, Jaime Martin, Cristina Duran, Gabriel Hernandez Walta, Pedro Camello, Sole Otero, Aneke, Miguel Angel Giner Bou, Marina Saez, David Lafuente eta aurtengo ekitaldiko kartelaren egilea Alex Orbe. Horiez gain, argitaletxeek gonbidatutako beste egilek ere hartuko dute parte.Azkenik, Romo Kultur Etxean ‘Brujas/Bruixes/Sorginak’ erakusketa izango da ikusgai. Borja Cresok komisariatuta, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotutako 24 emakume artistaren lanak bildu dira bertan, aldi berean pertsonaia eta mitoa den sorginaren figura omentzeko. Besteak beste, Higinia Garay, Ane Pikaza, Josune Urrutia, Susanna Martin, Raquel Meyers, Ana Galvañ eta Roberta Vazquez artisten lanak ikusgai izango dira bertan.