08 OCT. 2024 Iradier Arena, liburu trukatzaileen topaleku Gasteizko Udal Liburutegien Sareak antolatuta, Liburuak Trukatzeko XIV. Azoka egingo da urriaren 19 eta 20an, hilaren 24an ospatuko den Liburutegien Eguna dela eta, eta Iradier Arena liburuz eta ipuinez beteko da, trukatzeko zain. Pertsona bakoitzak gehienez bost truke egin ahal izango ditu. (Getty Images) Bidaiari Aurreko edizioan bezala, 2000. urtetik aurrerako argitalpenak bakarrik onartuko dira Liburuak Trukatzeko XIV. Azokan, liburuen kalitatea eta gaurkotasuna hobetzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez bost truke egin ahal izango ditu. Bestalde, ez dira onartuko testu liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, egoera txarrean daudenak, bidaia gidak, aldizkariak, entziklopediak eta solteko liburukiak. Herritarrek ekartzen dituzten liburuak beste 5.000 liburu baino gehiagorekin osatuko ditu Gasteizko Udal Liburutegi Sareak, eskaintza anitzagoa izan dadin. Azoka goizez eta arratsaldez egongo da zabalik urriaren 19an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, hain zuzen; urriaren 20an, berriz, goizez bakarrik irekiko da, 11:00etatik 14:00etara. Familiei zuzendutako jarduerak Gainera, asteburuan zehar, bereziki haurrei eta familiei zuzendutako jarduerak egingo dira, hala nola haurrentzako collage eta scrapbooking tailerra, zuzeneko musikaren Virginia De la Casa Trío taldearekin, Maite Frankoren ‘Txanogorritxok kontatu zizkidanak’ ipuin kontaketa edota ‘Ilunpetan irakurtzeko ipuinak’ tailerra. Azkenik, asteburu osoan zehar, Gazteentzako Nanokontakizunen IX. Lehiaketan saritutako lanak eta ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolako ikasleek egindako ilustrazioak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai.