10 OCT. 2024 Ia 1.000 bisitari izan ditu Urgulleko Natur Txokoak udaberrian eta udan 22 jarduera antolatu ditu Urgulleko Natur Txokoak aurtengo udaberri eta uda denboraldietan zehar eta ia mila bisitari izan ditu, iaz baino %31 gehiago. Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duen guneak Urgull mendiaren natur eta ingurumen aberastasunak modu ludiko eta didaktikoan ezagutaraztea du helburu. Urgulleko Natur Txokoa. (Cristina Enea Fundazioa) Bidaiari Urgulleko Natur Txokoak ia 1.000 bisitari izan ditu aurtengo udaberri eta uda denboraldietan zehar. Beraz, iaz izandako jaitsiera berreskuratu du. Guztira, haurrei zuzendutako 22 jarduera egin dira aurtengo denboraldian. Iñigo Garcia Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotziak zehaztu duenez, «iazko 708 pertsonetatik, 2024 honetan 931 bisitari izatera pasa gara. %31ko hazkundea izan da. Azken urteotako bisita kopururik altuenetakoa da, 2022ko zifrak baino txikiagoa izan arren». Natur Txokoa Donostiako Udalaren ekipamendua da, Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duena. Haurrei zuzenduta dago, ingurumenarekiko beharrezkoa den errespetuaz kontzientziatzeko, Urgull mendiaren natur eta ingurumen aberastasunak modu ludiko eta didaktikoan ezagutaraziz. Urgull mendia, gela naturala Udaberriko eta udako oporraldietan bakarrik egoten da irekita, eta meteorologiak bisita kopuruan eragin zuzena du, programatutako jarduera gehienak kanpoan egiten baitira, Urgull mendia gela natural gisa erabiliz. «Urte honetan zehar, guztira 22 jarduera egin dira, gaian esperientzia duten begiraleek garatu dituztenak», zehaztu du Ekologiako zinegotziak. Antolatutako ekitaldietan parte hartzen duten familien harrera ona azpimarratu du Garciak, «beren seme-alabak programatutako jardueretan parte hartzera eta Urgull mendia ezagutzera eramaten baitituzte». Horrela, Urgull mendian autogidatutako jarduerak eskaini dira aurten ere, hala nola ‘Urgullen altxorraren bila’ jokoa, orientazio zirkuitu iraunkorra edo Natur Txokon bertan doan eskuragarri dauden planoen bidez bi ibilbide autogidatu.