bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Basque.’, ingelesezko podcasta euskara eta euskal kultura kanpoan proiektatzeko

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura eta sormen garaikidea kanpoan proiektatzea du helburu, eta, xede hori lortzen laguntzeko, «inspirazio iturri» diren euskal artista eta sortzaileei eta euskarari eta euskal kulturari lotutako pertsona nabarmenei ahotsa emango dien ‘Basque’ ingelesezko podcasta abiatu du.

Estibaliz Urresola zinemagilea (Gorka RUBIO | FOKU)

Elkarrizketa, narrazioa eta dokumental zatiak uztartzen dituen formatu batean, Oier Aranzabal kazetaria zinema, gastronomia, hizkuntza eta artearen munduko zenbait pertsona esanguratsuren etxera edo estudiora sartuko da, eta mikrofonoaren aurrekoan jarriko ditu. Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira podcastaren lehen denboraldiko protagonistak.

Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost ataletan, elkarrizketatuek euren ibilbide pertsonal eta profesionalen berri emango dute, baita hausnarketan murgildu ere nortasunari, arrakastari, artearen definizio eta funtzioari zein euskararen etorkizunari buruz, besteak beste. «Guretik abiatutako hausnarketak izango dira, izaera unibertsaleko gaiekin bat egiten dutenak, eta nazioarteko audientziekin konektatzea bilatzen dutenak», adierazi dute.

Kulturarekiko pertzepzio globala

Modu honetan, Ulu Media Lasarte-Oriako ekoiztetxearekin batera ekoitzitako ‘Basque.’ podcastak «euskal kultura eta sorkuntzari begiratzeko leiho berri bat zabaltzen du bere protagonistak erdigunean jarrita». Egungo kodeetara egokitutako kalitatezko edukiaren bidez, podcastak euskal eszena artistikoa gure mugetatik kanpo ikusaraztea eta aintzatestea du helburu, baita euskal kulturarekiko pertzepzio globala indartzea ere.

Horrekin batera, euskal kultura eta sorkuntza garaikideari buruz lehen pertsonan idatzitako narratiba bat eraikitzen lagundu nahi du, «Euskal Herria nortasun propio bat eta hizkuntza berezi baten jabe den eta, era berean, kultura sortzaile eta erakargarri bat duen lurralde bezala proiektatzeko».

Bada, “Basque.” podcastaren lehen denboraldia urriaren 15ean hasiko da, Estibaliz Urresolari egindako elkarrizketarekin. Gainerako atalak bi astero plazaratuko dira urria eta azaroa bitartean Spotify, iVoox, Apple Podcast, Amazon Music eta Google Podcast plataformetan; Etxepare Euskal Institutuaren webgunean ere entzungai egongo dira, etxepare.eus/eu/gaurkotasuna/podcast atalean.