22 NOV. 2024 EAEko landa ostatuetako eta apartamentu turistikoetako sarrerak igo egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa ostatuetako bidaiarien sarrerak %3,9 gehitu dira urrian, aurreko urteko hilabete berean izandakoen aldean, apartamentu turistikoetan %29,2ko igoera izan den bitartean, Eustat euskal estatistika erakundeak bildutako datuen arabera. Landa ostatuetako bidaiarien kopurua igo egin da. (Getty Images) Bidaiari Eustat euskal estatistika erakundearen arabera, EAEko landa ostatuek 15.567 sarrera eta 31.710 gaualdi zenbatetsi dituzte urrian, eta, sarrerak %3,9 gehitu diren bitartean, gaualdiak %6,4 jaitsi dira aurreko urteko hil beraren aldean. Atzerriko sarrerei dagokionez, %11,8ko hazkundea izan da urrian EAEko landa ostatuetan, eta sarrera guztien %25,5 izan dira. Ostatu gauen kasuan, atzerritar jatorrikoak guztizkoaren %27,7 izan dira, iazko urriaren aldean %17,5 gehitu ondoren. Lurraldeen arabera, Araban sarrerak %18,3 gehitu dira, Bizkaian %0,5 eta Gipuzkoan %0,2. Ostatu gauei dagokienez, Araban %6,6 igo dira, eta Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, %12,9 eta %3,7 jaitsi, hurrenez hurren. EAEko landa ostatuetako batez besteko egonaldia 2,04 egunekoa izan da urrian, aurreko urteko hil berean izandako 2,26 eguneko batez bestekoaren azpitik. Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste egiten duten egun kopuruari dagokio, eta ez EAEn egiten duten egonaldiaren guztizko iraupenari. Plazen okupazio maila %1,4 puntu jaitsi da iazko urrian lortutakoaren aldean, %23,5ean kokatuz, eta gelakako okupazioak urte arteko jaitsiera txikia izan du, %0,5 puntukoa, urrian %28,7koa izanik. Apartamentu turistikoak Bestalde, apartamentu turistikoei dagokienez, 19.095 sarrera eta 62.711 gaualdi izan dira urrian, hau da, 2023ko hilabete berean baino %29,2 eta %18,4 gehiago, hurrenez hurren. Apartamentu turistiko esaten zaio blokearen edo multzoaren modalitatean kudeatzen duen ustiapeneko enpresa unitate bat bezala eskaintzen den ostatu unitate bakoitzari. Ez dira epigrafe horretan sartzen turismo erabilerako etxebizitzak, arrazoi turistikoengatik aldi baterako eskaintzen, merkaturatzen edo lagatzen diren etxebizitza partikularrak. EAEko apartamentu turistikoetako urriko sarreren %42,3 eta gaualdien %42,8 atzerriko bisitariek egin dituzte, urte arteko %47,9ko eta %29,3ko igoerak izanik, hurrenez hurren. Batez besteko egonaldia 3,28 egunekoa izan da urrian EAEko apartamentu turistikoetan, hau da, 2023ko hilabete bereko 3,58 egunekoa baino txikiagoa. Araban, batez besteko egonaldia 8,48 egunekoa izan da, Gipuzkoan 5,04 egunekoa eta Bizkaian 2,26 egunekoa. Plazen okupazio maila %38,2ra iritsi da EAE osoan azken hilabetean, hau da, %2,6 puntu gehiago 2023ko urrian baino. Apartamentu bakoitzeko okupazio maila, berriz, %6,1 puntu igo da, %68,9an kokatuz. Azkenik, EAEko aterpetxe turistikoetan %11,4ko urte arteko igoera izan da urrian sarreretan, 22.464 zenbatetsita, eta 36.745 gaualdi sortu dira. Bizkaian 20.255 gaualdi izan dira, Gipuzkoan 15.548 eta Araban 941. EAEko aterpetxe turistikoetako egonaldiaren batez besteko iraupena 1,64 egunekoa izan da urrian, eta plazen okupazio maila %34,7an kokatu da, urte arteko %1,6 puntuko jaitsieraren ondoren.