10 ENE. 2025 Jausoro aterpea, klima aldaketaren aurrean babesleku Klima aldaketaren aurrean babeslekua eskaintzeko eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko diseinatutako Jausoro aterpea inauguratu dute Azkoitian. Guztira, 18.790 metro koadroko azalera du. Herritarrentzat espazio irisgarri eta jasangarriak sortu nahi izan da. (Jon URBE | FOKU) Bidaiari Jausoro klima aterpea inauguratu dute Azkoitian. Azpiegitura Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioaren Borondatezko Karbono Funtsaren bidez finantzatu da, 47.000 euroko aurrekontuarekin, eta klima aldaketaren aurrean babeslekua eskaintzeko eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko diseinatu da. Jausoro klima babeslekua 18.790 metro kadroko azaleran dago, baso mistoan eta aurrez degradatutako ibai habitatetan, udalerria bizitegi, industria eta natur eremuekin lotzen duen eremu estrategiko batean. Proiektuak azpiegitura berde bihurtu du ingurunea, basoak berroneratuz, biodibertsitatea hobetuz eta herritarrentzat espazio irisgarri eta jasangarriak sortuz. Aurkezpen ekitaldiko hitzaldian, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidenteak nabarmendu zuen Jausoro klima babeslekua dela «naturgune degradatuak leheneratzeko eta balio ekologiko eta sozial handiko eremu bihurtzeko ahaleginak nola batu ditzakegun erakusten duen adibide bat». Proiektu honek, bere hitzetan, «Azkoitiko herritarren bizi kalitatea hobetzen du, eta klima aldaketaren ondorioak arintzen ere laguntzen du, azkoitiar guztientzako etorkizun jasangarriagoa sustatuz». Era berean, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea pozik agertu zen proiektuarekin: «Etengo ez diren eta egoeraren larritasuna agerian uzten duten gertaera meteorologiko kaltegarriak ikusten ari gara. Bakoitzak bere tokitik, klima aldaketaren ondorio larriei aurre egiteko neurri posibleak hartu behar ditugu, eta Jausoroko klima babeslekua testuinguru horretan kokatzen den ekimena da, herritarrentzat gune berde berritua». Espazio seguru eta erosoa Jausoro sortzeko egindako ekintzen artean daude egoera txarrean zeuden espezie aloktonoak moztea, haien segurtasuna bermatzeko zuhaitzak inaustea eta espezie autoktonoak landatzea, hala nola haritzak, pagoak, haltzak eta sahatsak. Era berean, lurzorua landare lurrez indartu da, karbonoa biltegiratzeko gaitasuna indartzeko. Gainera, zuhaitzen sustraiak errespetatzen dituzten lur egonkortuko bideak ezarri dira, bide irisgarriak sortuz eta ingurune naturalarekiko interakzioa sustatuz. Jausoro klima aterpea espazio seguru eta erosoa izateko diseinatu da, herritarrek, batez ere biztanle kalteberenek, muturreko fenomeno klimatikoetatik babesteko aukera izan dezaten, hala nola bero boladetatik. Aldi berean, ekosistemaren konektibitatea indartu da, ibaiko faunaren eta inguruko basoen arteko interakzioa erraztuz.