04 FEB. 2022 Aigüestortes i Estany de Sant Maurici Kataluniako Pirinioen bihotzean Kataluniako Pirinioen bihotzean bertan dago Aigüestortes i Estany de Sant Maurici Parke Naturala. Bertan, besteak beste, Kataluniako mendi garaienetako batzuk aurkituko ditugu, baita inguru dotore askoak ere. Guk bi aipatuko ditugu: Boí eta Aran haranak. Lakuaren handitasunaren aurrean, eserita. (Lucas Vallecillos) Lucas VALLECILLOS Lleidako Pallars Sobirà eskualdean, Alto Aneu, Alto Aran, Barruera eta Espot udalerrien artean, parke natural handia hedatzen da: Aigüestortes i Estany de Sant Maurici. Doñanako parke naturala bakarrik da handiagoa Estatuan. Lleidako parkea zinez ikusgarria da, eta Kataluniako mendirik garaienetako batzuk aurkituko ditugu bertan, zehazki ia elkarrekiko paraleloak diren bi mendilerrotan banatuta, ekialdetik mendebaldera hedatzen direnak San Nicolau eta Escrita ibaien arroak eratuz. San Nicolau ibaiaren arroan, mendebaldean, Aigüestortes aurkituko dugu. Escrita ibiarenean, ekialdean, Estany de Sant Maurici. Bi mendilerroak iparretik hegora zeharkatzen ditu hirugarren batek, Crabes mendilerroak zehazki, zeinak parke naturalari izena ematen dioten beste bien arteko banalerroa marrazten duen. Parkera sartzeko zenbait puntu daude: Aigüestortes, mendebaldean, Boí haranean; Estany de Sant Maurici, ekialdean, Espot udalerrian; eta bere edertasunagatik oso interesgarria den hirugarren bat iparraldean, Aran haranean. Gu bi sarrera ezberdinetatik barneratuko gara parkean: Boí haranetik lehendabizi, eta, ostean, Aran haranetik. Bi kasuetan, Amitges aterpetxera helduko gara, jarraian parkea mendebaldetik ekialdera zeharkatzen jarraitzeko. Proposatutako bi ibilbideek Aigüestorteseko lekurik enblematikoenak ezagutzeko aukera emango digute, parke nazionalean bi gau igaroz betiere. Boí haranetik hasita Boí haranetik hasten den ibilbidean, lehen egunean Llong aintziraren ondoan egingo dugu lo, eta, bigarrenean, Partarró de Espòt gainditu eta gero, Amitges orratz ikusgarrien azpian. Arango haranetik hasten den ibilbidean, berriz, lehen gaua Colomers aterpetxean egingo du, eta, Ratera mendatea igaro eta gero, bigarrena Amitgesen, Boí haranetik abiatutako ibilbideko bigarren gaua igaroko dugun aterpetxe berean. Ibilbide klasikoena parkean Bói haranetik barneratzen dena da, Aigüestortesetik zehazki. Gure helburua parkean zehar trekking bat egitea bada ere, gomendagarria da guztiz Boí harana ezagutzeko tartea ere hartzea, bertako herrietan Kataluniako erromanikoaren erakusgarri apartena osatzen duten eliza ederrak aurkituko baititugu. Gaur egun elizok txikitzat jo ditzakegun arren, eraiki ziren garaian handiak eta arranditsuak ziren, tokiko nobleen boterea erakusteko asmoz eraikitakoak. Gogoratu behar da lurrotakoak ziren Erill-eko baroiek Errekonkista kristauan paper oso aktiboa jokatu zutela, eta, ondorioz, Alfontso I.aren esker ona jaso zutela, tartean haraneko herrien oparotasuna eragin zuten ondasunen bitartez. Horri esker, XI. eta XII. mendeetan zehar bederatzi eraikin erlijioso benetan berezi eraiki ziren lurrotan, ageriko eragin lonbardiarrekin eta margolan bikainekin. Eraikinon garrantzia ulertzeko, nahikoa da datu bat: Unescok gizateriaren ondare izendatuta ditu. Haraneko herrixkak eta elizak ezagutzeko, bizikleta elektrikoa erabiltzea aukera bikaina da. Barruera herriko Bicius dendan alokatu daitezke bizikletok. Boí herritik gertu abiatzen den pista batetik barneratuko gara parkean. Sant Nicolau harana irekitzen duen ordoki batera helduko gara; bertan, izen bereko erreka ederra aurkituko dugu. Sant Nicolau haranera taxiz bakarrik hel daiteke, eta, behin bertan, gure oinezko ibilaldia hasiko dugu. Bidezidor atsegin bat hartu eta parkearen izena osatzen duen toponimoetako batekin egingo dugu topo: Aigüestortes (“ur okerrak” edo “meandroak”). Zinez leku ederra da Aigüestortes: errekatxo eta urmael infinituetatik zehar zirkulatzen du bertan urak, ur gardenen labirinto nahaspilatua sortuz edertasun bareko ingurune paregabean. Mendian gora, bidezidorrak Sant Nicolau harana zeharkatzen du Llong aintzirara heldu arte. Bertan, inguru lasai eta ederra aurkituko dugu, inguruko gailurrek marraztutako paisaia txundigarriarekin. Bertako aterpetxean igaroko dugu lehen gaua, goizean goiz esnatu eta Amitgeserako bidea jarraitzeko, ibilaldi luzea izango baitugu zain. 1.985 metroko altueran dago aterpetxea, izeiz betetako baso itxi batean. Llong aintziraren ertzetik Bideak Llong aintziraren ertzetik jarraitzen du lehendabizi, eta, ondoren, Partarró de Espot mendi arteko igarobidera eramango gaituen haranaren malda gogorrean gora jarraitzen du sigi-sagatsu; igarobideak isurialdeen banalerro gisa jokatzen du, alde batera Noguera Pallaresa ibaiaren harroa geratzen da, eta, bestera, Noguera Ribagorzana ibaiarena. Iparrera Bergús zirkua ikusiko dugu, eta, hegoaldera, Garatos eta Cometes zirkuak. Igoera gogorraren ostean atseden hartu eta indarberritzeko leku aproposa da. Ondoren, Escrita haranetik behera jarraituko dugu zeharkaldia, Bass aintzirara eramango gaituen bidexkatik. Jarraian, mendian gora abiatuko gara berriz ere, sei orduko ibilaldiaren helmugara iritsi arte: Amitgeseko aintzirak, izen bereko bi orratz ikusgarri dituztenak alboan. Ibilaldi gogorraren ostean atseden hartzeko, Pirinioetako aterpetxe onenetakoa aurkituko dugu Amitgesen. Bertako terrazatik Els Encantats gailurren eta Gran Tuc de Crabes ikusgarriaren ikuspegi txundigarria izango dugu. Zalantzarik ez izan, parkean bigarren eta azken gaua igarotzeko leku ezin hobea da. Arango haranetik hasita Arango haranetik abiatzen den beste ibilbidea ere zinez gomendagarria da bidean aurkituko ditugun paisaien ikusgarritasunagatik. Gainera, Aran bidaiariak albo batera uzterik ez duen leku eder eta interesgarria da: haranak mendeak eman ditu isolatuta bere egitura geologiko boteretsuagatik, eta, horri esker, Pirinioetako paisaia onenen purutasuna ia ukitu gabe mantendu ahal izan du, baita aranera tokiko hizkuntza eta tokiko antzinako erakunde politikoak ere. Arango haranean barneratzea goi mendiaren esentzia dastatzea da, baita ondare historiko zinez interesagarria ezagutzea ere. Pla de Beret, Montgarri santutegia, Saut deth Pish ur-jauzia, Salardú eta Vielha haraneko hiriburua derrigor bisitatu beharreko lekuak dira. Bigarren ibilaldiak Colomers zirku ikusgarritik barna murgilduko gaitu parkean, aintzira mordo baten ondotik igaroz. Ibilbidea Salardú herrian has daiteke, autoz. “Colomers” dioten seinaleak jarraitu behar dira Banhs de Tredòs Hotelera bitarte; bertan autoa utzi eta taxi bat hartu behar da, auto pribatuak ez baitute baimenik jarraitu beharreko pistan ibiltzeko. Circ de Colomers geltokira iristean hasten da oinezko zeharkaldia. Colomers aterpetxeko bidea hartu behar da; bertarainoko ibilbidea ez da luzea, baina bai gogorra. Lago Major de Colomers aintziraren ondoan igaroko dugu lehen gaua, leku paregabean. Aintziraren ur bareetan ikuskizun berdina errepikatzen da beti: zeruaren, lainoen eta mendien isla txundigarri eta ia magikoa. Argazkilaritza gustuko dutenek sekulako pagotxa aurkituko dute bertan. Hurrengo egunean Pirinioetako espektakulu ederrenetakoa izango dugu zain, bene-benetako mirari naturala: Colomers zirkua. Port de Ratera mendatera bitarteko GR11 bideak ametsezko paisaia ezin ederragoetan barneratuko gaitu goxo-goxo. Bidean Lago Long luzexka aurkituko dugu, eta bertako ertzetik egingo dugu aurrera, uren lasaitasuna lagun. Jarraian Lago Redon aintzirara helduko gara, eta, bertan Lago de Obago aintzira ederrera bitarteko bidezidorra hartuko dugu. Bertan atseden hartu eta indarberritzea komenigarria da, jarraian ibilbideko zatirik gogorrena izango baitugu zain: Port de Ratera mendateko igoera. Gailurrera iritsi eta gero, Cometes de Rateran barrena jarraitzen du bideak, jaitsiera luze baten bitartez Amitges aterpetxera iristeko. Guztira sei ordu baino gehiagoko ibilaldia egin eta gero, bigarren gaua igaroko dugun aterpetxera helduko gara azkenean. Amitges eta gero, ibilbide bakarra Esan bezala, Amitges aterpetxean egiten dute bat bi ibilbideek, Salardún hasten dena eta Boín hasten dena. Bertatik aurrera, ibilbide bera jarraitzen dute bi bideek; beheranzko norabidean Estany de Ratera atsegina igaroko dugu lehendabizi, eta, azkenik, Estany de Sant Maurici ikusgarrira helduko gara. Ur masa ikaragarria aurkituko dugu, atzean Els Encantats gailurrak direla, ia bikiak diren 2.750 metroko bi tontor. Legendaren arabera, harri bihurtutako bi ehiztari dira, erromeria egun batean meza ematen ari zen apaizak madarikatu zituenak elizkizunari muzin egiteagatik. Ehiztariak elizkizuna alboratu eta sarrio baten atzetik joan ziren, eta, guztia kez bete zuen oinaztargi baten eta danbateko ikaragarri baten ondoren, bat-batean ordura arte existitzen ez ziren bi gailur agertu ziren parez pare. Kondairari ohore eginez, Els Encantats ikusgarriek parez pare jarraitzen dugu sendo eta tente. Escrita harenean ibaiertzetik aurrera jarraituz, parkea atzean utzi eta Espot herrira helduko gara. Zalantzarik gabe, leku paregabea bizitako abenturaz hitz egin eta tokiko sukaldaritza bikaina dastatuz indarberritzeko. Es recomendable tomar un tiempo para conocer el valle del Boí, ya que en sus pueblos encontraremos iglesias preciosas que constituyen la muestra más extraordinaria del...