bidaiari - bidaia aldizkaria
El Pobal eta inguruak

Meatzaritzaren aztarnak ezagutzeko ibilaldia

Aire zabalean mendeetan zehar egindako meatzaritza-jarduerak Meatzaldeko paisaia eraldatu zuen erabat. Mendi zulatuak, aintzira artifizialak, trenbideak, burdinolak, labeen aztarnak, abandonatutako herrixkak... Bizkaiko ipar-mendebaldean burdinaren kulturak historian zehar izan duen lekuko isil bihurtu dira.

 

Bisita gidatuak antolatzen dira egun museoan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bizkaiko meatzaritzaren urrezko garaia 1876 eta 1914 artekoa izan bazen ere, jakina da erromatarren garaian ere aire zabaleko aztarnategiak ustiatzen zirela Triano eta Galdames mendietan. Noski, garai hartako aztarnarik ez da egun gelditzen, baina bai, ordea, ondorengo meatze guneetakoak. Adibidez, Zugaztieta- koarenak. 1877an sortua, oraindik ere jatorrizko eraikinak gordetzen ditu; beraz, Bizkaiko meatzaritza ardatz duen edozein ibilbidek derrigor egin behar du geldialdia bertan.

Trapagarango goiko aldeko meatze gune horretatik -Larreinetako funikularrean igo daiteke- bisitaria Peñas Negras interpretazio zentrora hurbil daiteke, Zugaztieta eta Muskiz lotzen dituen baso pistari esker. Ingurumenari buruzko informazio eta sentsibilizazio zentroa, gainera, leku pribilegiatu batean dago, Oiola eta Muskiz haranen artean, eta, horrenbestez, hainbat ibilbideren abiapuntu egokia da.

Zentrotik Muskizko El Pobal burdinolarantz abia daiteke bisitaria. Duela pare bat urte, museo gisa ireki zenetik hamabost urte betetzen zirela ospatzeko, erakusketa berezia antolatu zuten: “Burdinoletan zehar. Bizkaia, olagizonen lurraldea”. Izan ere, lehen labe garaiak zabaldu arte bertan jasotzen zen Galdames eta Trianoko ustiategietako burdin minerala, metal bihurtzeko.

Malda handirik gabe, balizen arrastoari jarraituz, bi kilometro egin ondoren, laranja koloreko lekukoak erreferentziatzat hartuta, gailur txiki batera iristen da: La Rasa. Bertaratzen denak Muskiz eta kostaldeko ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izango du. Gero, parean duen Pico Ventana gailurrera joan daiteke. Galdames eta Abanto udalerriak banatzen ditu eta hortik ere ibiltariak panoramika ederra izango du Mello (Kantabriarekin muga) aurrean duela. Tontor horretan, aurrekoan bezala, antzinako lubakien aztarnak ikus ahal izango ditu. Ezkerrean, Cortes eta Montellano (Galdames) izango du, eta, atzealdean, berriz, Sopuerta.

Hortik aurrera, bidezidorretatik jaitsi behar da, meatze-aztarnen artean, eta, Cortesetik igaro ondoren, Galdamesko Bide Berdea hartu behar da, eta, ondoren, burdinolara doana. Hain zuzen ere, Sestao eta Galdames arteko meatze-trenbidearen bidea da, The Bilbao River and Cantabrian Railway Company Limited konpainia ingelesak eraiki zuena.

Balio historiko handiko gunea da Cortes. Leku estrategikoan kokatua, Barbadun ibaiaren harana ikusten da bertatik. Bidetik 200 metrora, El Pobaleko zubi erromanikoa dago, bi begikoa, eta aurrerago, burdinola oso berezi bat. Zergatik berezia? 1833an ehun burdinola zeudelako martxan Bizkaian eta gaur egun horixe delako martxan jarraitzen duen bakarra.

Sorginleku

El Pobaleko lantegi hidraulikoa Lamiozingo errekak zeharkatzen duen Sorginleku izeneko paraje batean dago, Muskiz udalerrian. Bere ondoan, zubiaz gain, Quadratarren leinuaren dorretxea dago. Burdin harria landu eta mota guztietako lanabesak eta tresnak egiten zituzten burdinolan. Muñatones Gaztelutik eskualdea mendean zuen leinuak eraiki zuen XVI. mendearen hasieran, Salazar leinuak, alegia, eta 1965era arte iraun zuen lanean.

Osperik handiena XVII. mende amaieran izan zuen, tailerra handitzearekin batera, azpiegitura hidraulikoa berreraiki zuten garaian. Hala ere, gaur egun ikusgai dauden hainbat eraikuntza eta makineria XIX. mende amaierakoak dira. Garai hartan, azken olagizonak eginahalean ari ziren teknologikoki aurreratuago zen aro berri batean lehiakorrak izaten jarraitzeko. Jakina da burdinolaren inguruan, produkzio gune oso bat zegoela antolatuta: olagizonen etxebizitza, irin errota, ogi labeak, baratzak eta mendiak, egurrez zein ikatzez hornitzeko.

Museo bizia

2004. urtean ateak zabaldu zituenetik, museo bizia da El Pobal. Izan ere, Bizkaiko industriaurreko jarduerarik inportanteenetako bi erakusten dira bertan: burdingintza eta errotaritza. Ingurune eder hau bisitatzera Barbadun ibaiaren ertzetara hurbiltzen diren guztiek bi makina hidraulikoak abian ikusteko aukera paregabea izango dute.

Bisita gidatuak antolatzen dira egun museoan. Horietako batek “Ondarea eta literatura. Peru Abarkaren olagizonak” du izena. Juan Antonio Mogelek 1802an idatzitako “Peru Abarka” nobelaren bitartez, garai hartako olagizonen eguneroko bizitzaren nondik norakoak azaltzen ditu bisitak.

Gainera, bisitaren amaieran, partaide bakoitzak baratxuri zopa katilutxo indarberritzaile bat dastatzeko aukera izango du. Olagizonen oroigarri!