06 SET. 2024 Calgary, bizitza onaren hiria Calgary bizitzeko hiririk onenetakoa dela diote. Bertako lasaitasunak eta zerbitzu bikainek agian egia dela pentsarazten digute. Baina bere nortasuna definitzeke dago oraindik. Bertako kaleak desberdintasun eklektikoen bilduma dira, Alberta probintziako ohiko zelaien eta Mendi Harritsuen artean. Horietan, aitzindaritza eta modernitatea uztartzen dira, bere idiosinkrasia definitzea bilatzen duen modernitate bat. Calgary Tower. Xabier BAÑUELOS (Argazkiak: X.B eta Getty Images) Calgary, zenbaitek 1988an neguko olinpiar jokoak hartu zituelako gogoratzen dutena, atzerritar askok Kanadan ezagutzen duten lehen hiria da. Ipar Amerikan Mendi Harritsuak (Rocky Mountains) bisitatuz bataiatzen direnentzat hala izaten da. Kanadarrentzat bere jaialdiengatik da ospetsua. Baina, batez ere, Stampede delakoagatik, bere lemak dioen bezala, “The World’s Largest Outdoor Rodeo” munduko aire zabaleko rodeo handienagatik. Izan ere, uztailero katarsi kolektibo bat gertatzen da, milaka bisitari erakartzen dituena; primeran pasatzen dute abelburu eta zaldiak jauzi eta saltoka ikusiz, beren gaineko zaldizko gogaikarria bota nahian. Hori guztia, dozenaka ikuskizunekin girotuta: motoak akrobaziak egiten, txakurren trebetasun erakustaldiak, orga lasterketak, musika kontzertuak eta powwow lehiaketak. Bertako biztanleentzat, ordea, harro egoteko moduko lekua da, bai baitakite kalitate estandar altuenak dituen hirietako batean bizi direla. Komunikabideek eta erakundeek aldian-aldian argitaratzen dituzten indizeek munduko hiru hiririk onenen artean kokatu ohi dute beti. Eszeptikoak izan gaitezke horrelako “inbentarioekiko”, baina nahikoa da paseo lasai eta luze bat ematea hala dela konturatzeko. Ez du Europako hiri zahar baten monumentaltasuna eta arrastoa, gazteegia da, juniorregia. Baina bidean topatzen dituzunen aurpegiek agertzen duten baikortasun eta zoriontasunak bizi-maila eta -kalitate inbidiagarria erakusten dute. Horretaz jabetzeko, aski da goiz eguzkitsu batean oinezkoentzako Stephen Av. etorbidetik Olympic Plazaraino joatea. Eszenatoki atsegin eta lasaia aurkituko dugu: terrazak jendez gainezka, elkarrizketaz, edariaz eta janariaz gozatzen; ibiltariak lasai paseatzen, tarteka zerbait begiratzeko, norbait agurtzeko edo barre egiteko geldituz, itxurakeriarik gabe. Inork ez du esaten arazorik ez dagoenik, paradisuak ez baitira existitzen, baina bere ekonomia lehiatsuak eta nortasun ezaugarri gisa barneraturiko gizalegeak giro atsegin, abegikor, ordenatu eta aldi berean dinamiko eta ekintzailea sortzen dute. Industria energetikoaren bultzadarekin, finantza eta teknologia zentro indartsua izatearekin eta industria turistiko gero eta handiagoarekin, Calgaryk lan oparoa, zerbitzu publiko bikainak, berdegune eta aisialdirako espazio asko, trafiko neurritsua eta kultur jarduera sortzailea izatearen pribilegioa du. Hiritar kontzientzia eta dirua dira, kasu honetan, bizitza ona izateko konbinazio perfektua. «PRAIERIE»-EN ETA MENDI HARRITSUEN ARTEAN Calgary Tower-en 68 metroko altueratik, mendebaldera horma elurtu malkartsuak ikusten dira eta ekialdera, prairie delakoak; larredi lau amaigabe horiek, belar-ozeanoak bailiran, Alberta probintziaren eta ondoko Saskatchewan-en eremu izugarria hartzen dute. Alberta Iberiar penintsula osoa baino handiagoa da. Bertan, kilometro eta kilometrotako zuzengunez eta badlandez jositako belardiak dira nagusi, dinosauroen fosilez beteriko malpaisak. Baina, bat-batean, muga mendebaldetik itxiz, Rockies mendiak eta gizateriaren ondare diren bere parke nazionalen saila agertzen dira. Calgary bi mirari geomorfologikoen mugan dago, Edmontonetik, hiriburutik, 300 kilometro hegoaldera, eta horregatik izan da bitan niretzat herrialdean sartzeko atea. Kontuan hartzen badugu Albertak 4 milioi biztanle baino ez dituela, Calgary, 1,3rekin, handia iruditzen zaigu. Eta hedadurari dagokionez hala da etxe baxuak dituelako, baina kopuruari dagokionez, hiri ertainen artean dago. Elbow ibaiarekin bat egiten duen tokian, Bow ibaiaren korronteak bitan zatituta, espazio berde ugari dituen hiri-multzoa da, batzuetan hiri berritzaile gisa eta beste batzuetan kolonoen kanpaleku gisa agertzen dena. Izan ere, Downtowneko etxe orratz lotsagabeak gorabehera, ez da libratu Ipar Amerikara iritsi ziren aitzindarien hiri izatearen arrastoaz. Bai, kosmopolita eta irekia da, baina bere kaleen artean cowboyen aireak dabiltza oraindik –ez bakarrik Stampede garaian–, eta Canadian Pacific Railwayko lokomotor batek, bik eta baita hiruk ere arrastaka daramatzaten egurrezko eta metalezko karabana amaigabeen triki-traka entzuten da. Hiri gaztea da, eta bere izaeran eta fisionomian nabari da hori. Badirudi ez dagoela bukatuta; urteen arrastoa falta zaio, hiri zahar baten buket-a. Beharbada hortik datorkio bere aniztasun arkitektoniko batzuetan burugabea, non kontrastea sortzen den lainoak harramazkatzen dituzten kristalen eta lurretik nekez altxatzen diren antzinako etxe zaharren artean. Alde zaharrik ez duenez, bere estiloa definitzeke dago; eklektizismo kaotiko samar batek ezaugarritzen du. Horrek pentsarazten digu hiria etengabe mamitzen, egiten eta berregiten ari dela. Ez da hiri ederra. Itsusia ere ez. Arreta erakartzeko janzten eta apaintzen den nerabe baten jarrera dauka. Berehala antzematen dena, ordea, haren arraza aniztasuna da. Ez dakit kultura-aniztasunaz hitz egiten ausartuko ote nintzatekeen, baina argi dago emigrazioan oinarrituta eraiki zela; jatorri europarreko emigrazioa gehienbat baina XX. mendean zehar batez ere jatorri asiarra duten pertsonen etorrerarekin aberastua. Encor Tower-en ondotik pasatzean, Sitting Eagle nakoda buruzagiak –haren estatua dago bertan– zer sentituko lukeen galdetzen diogu geure buruari. Bere herria –lakoten adar bat– lur horien jabe izan zen kainai, peigan eta sarsi oinbeltzekin batera. Gaur egun inguruko erreserbetan bizi dira. KALERIK KALE Calgaryko erdialdea aproposa da, behean, gainazalean, kalez kale ibiltzeko. Baita goian ere, eraikinak lotzen dituen pasarelen sarearekin sortzen den “hiri zintzilikatu” moduko horretan, zeinak neguko egun gordinetan oinezkoen joan-etorriak epelagoak bihurtzen dituen. Udan ordu batzuez hauek ere bisitatuko ditugu: Devonian Garden oparoa, Glenbow museo bikaina, eskualdeko produktu freskoz beteriko Calgary Farmers Market eta, batez ere, Liburutegi Nagusi original, abangoardista eta ederra, kultur tenplu enblematikoa biztanleen erdiek baino gehiagok liburutegi publikoko txartela duten hiri honetan. Baina kaleak gonbidatzen gaitu eguzkia ateratzen denean eta altueraz jabetzen denean. Haren argiak argiztatuko du Century Gardens eta Olympic Plaza ezagunen diseinu brutalista. Azken hori Olinpiar Jokoetan dominak emateko agertoki izateko eraiki zen. Gaur egun, neguan patinatzeko pista bihurtzen duen izotza desagertzen denean, inguruko paseatzaileek eta langileek leku ona aurkitzen dute eguerdiko luncha hartzeko, eta bitartean, agian, ekitaldi bitxiren bat izaten da. Hain zuzen, hemen, brontzezko Nellie McClung, Irene Parlby, Henrieta Edwards, Emily Murphy eta Louise McKinneyk, Famous Five esaten zietenak daude, tea hartzen “Women are person” adierazpena eskuetan dutela. Beren militantzia eta adoreari esker, 1927an, Kanadako konstituzioak emakumeak politikan parte har zezaketen pertsonatzat jo zituen. Plazaren ondoan, Macleod Trail gurutzatuta, kontrastean topatuko ditugu richardsondar estilo erromanikoko City Hall zahar eta historizista, batetik, eta New Municipal Building garaikide eta triangeluarra, bestetik. Bien artean sortu zen “Every Child Matters!!” memorial espontaneo eta herrikoia. Dozenaka haur zapatak eta pelutxek estaltzen dute zorua, irailaren 30ean kamiseta laranjekin tindatzen dena. Horien bidez salatzen da urte askoan haur indigenentzako bizitegi eskola sistema, horiek euren kulturatik eta hizkuntzatik deserrotzeko helburuarekin bahitu zituena. Handik ez oso urrun, Jaume Plensa zain dugu Wonderland eskulturarekin, The Bow izenez ezagutzen den ilargi-erdi formako etxe orratzaren oinetan. Eta Bow ibaiaren ertzetara goaz, hain zuzen, beste mediterraneo batek, Calatravak, egindako Bakearen Zubia zeharkatzeko. Hiriko skylineari argazkiak ateratzeko leku aproposa da. Hegoaldeko ibaiertzean, xarma handiena duen auzora, Kensingtonera, hurbilduko gara. Korronteari jarraituz, Princes Island-era iritsiko gara, non ubidea berdeguneen eta musika-jaialdi artean banantzen den, branta antzara handiek bukolismo puntua jartzen dutela. Izan ere, Calgaryk, bere barnean, iraunkortasunaren mitoarekin jolas egiten du, eta, kanpoan, bere natura dibergente eta oparoarekin, zeinak bere izaera gaztearen grina eta bere identitatea aurkitzen ari den modernitatearen gogo bizia baretzen dituen. Hiri gaztea da, eta bere izaeran eta fisionomian nabari da hori. Badirudi ez dagoela bukatuta; urteen arrastoa falta zaio, hiri zahar baten buket-a. Beharbada hortik datorkio bere aniztasun arkitektoniko batzuetan burugabea