06 SET. 2024 Portland, industriatik arrosen (eta liburuaren) hirira Estatu Batuetako ipar-mendebaldea esploratzeko lekurik onena da hau, ziur aski. Oregon estatua bera erdian dago Kaliforniaren eta Washington estatuen artean, eta Portland hiriak antzeko rola betetzen du Seattle eta San Frantziskoren artean (lehenetik bigarrenetik baino hurbilago beti ere). Ontzi bat, Broadway zubirantz. (Getty Images) Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U. eta Gettty Images) Kultura urbanoan erreferente nagusietako bat da, foodie edo gastronomia zaleek ustekabeko ugari aurkituko dituzte; hiriak berak naturaguneak ditu, eta, pixka bat urrunduta are leku ikusgarriagoak ezagut daitezke, sumendien eta ur-jauzien artean, Columbia ibai handiak ezkutatzen dituen altxor historiko eta naturalen artean. Portland asteburuan bisitatuz gero, bada ezinbestean larunbaterako gorde beharreko txoko bat: Portlandeko unibertsitateko (PSU) janari-azoka. Inguruko ekoizleen asteroko hitzordua da, bai produktu freskoen salerosketarako, baita horiekin kozinatutako esperientzia gastronomiko paregabea izateko ere. Eta inguruan oso giro berezia sortzen da. Hori bai, esan bezala, larunbatetan baino ez da. Gida guztien arabera, hiriko bisitagune garrantzitsuenetako bat bertako liburu-denda bat baldin bada, benetan merezi duen hiri bat ezagutzear gauden seinale da. Powell’s Books munduko liburu-denda independente handienetakoa da, eta erraz eman litezke ordu pare bat bertako apaletan zehar. Bigarren eskuko eskaintza zabala ere badaukate –norberak eramanez gero, bertan erosi/trukatzeko bonua jasoko du–; beraz, litekeena da beste inon aurkitu ezin dugun liburu hori hemen egotea. Erdigunetik pixka bat gorago dago liburu-denda, Burnsiden aldameneko Ankeny plazan. Food-truck bat baino gehiago egoten da, Mexiko, Korea eta munduko beste hainbat lekutako janaria eskaintzen (Kin Jong Grillin korear txokoa benetan gomendagarria da). Eta ohiko furgoneta egokitua ez eze, Londrestik ekarria dirudien autobus bat ere The Cart Blocks jatetxe bihurtuta dago hemen, garai bateko hainbat jatetxeren txokoa hartuta. AUZOAK ETA BASOAK Pearl izeneko erdiguneko barrutitik urrunxeago ere badira beste auzune interesgarri batzuk. Downtown-etik ipar-mendebalderantz joanda, esaterako, ilunabarretako giroaz gozatzeko txoko ugari daude. Eta jatunentzat, ibaiaren beste aldean dagoen Mississippi etorbidean barrena aurki daitezke food-truck onenetako batzuk, sekula dastatu gabeko gastronomiak ezagutzeko bidenabar. Mississippi auzunea oso modan jarri den guneetako bat da, baina gentrifikazio prozesu baten ondorio ere bada, behinolako auzune beltza izan baitzen nagusiki zuria den hiri honetan. Pazifikoko estatuetan ohikoa denez, asiar eragina AEBetako gainerako lurraldeetan baino nabariagoa da hemen (Hawaii, salbu). Portland ez da hiri handia, baina udalerriaren mugen barruan sekulako parke urbanoak ditu. Washington parkea gure lehen geltoki izan dugu. Powell's-etik ibairantz jarraitu beharrean, bidean gora eginda txoko bakoitzak altxor berezi bat eskaintzen digu. Hoyt Arboretum-en mundu osoko 2.000 zuhaitz eta landare espezie daude, eta horietan guztietan ibiltzeko dozena erdi ibilbide; paseo labur bat egitetik ibilaldi luzexeagoetara animatu gaitezke. Max trenaren mendebaldeko lineekin Washington Park geltokiraino iritsiko gara (munduko sakonenetakoa da). Behin hemen, badira doako shuttle autobusak Arboretum-era, eta oinez ere txango ederra da maldan gora. Hiriko erdigunetik kanpo dagoen irudi ezagunenetakoa Pittock Mansion etxaldea da. Hiriko historian garrantzi berezia izan zuen argitaratzaile baten eta haren familiaren etxe dotoreak ez ditu barruko harribitxiak soilik ikusgai; are gehiago, honaino igotzen diren asko etxaldearen osteko ikuspegiak erakarrita datoz: Portlanden perspektiba ikusgarrienetakoa dago hemen; izan ere, downtown edo erdiguneko eraikinak, ibaiak (Willamette hiriaren erditik, urrunxeago Columbia zabala, Washington estatuarekin muga egitean) eta, are urrunago, Hood sumendiaren ingerada bikaina, zorrotz eta elurtua urte guztian zehar. Egin kontu etxaldea barrutik bisitatzeko sarrera ordaindu behar bada ere kanpoko lorategiak eta hiriaren begiralekura joatea dohainik direla. ARROSAK Portlandeko skylinea ikusteko beste leku paregabe bi Portland City Grill jatetxea eta Portland Aerial Tram dira. Etxaldearen izena Henry Pittock kazetari eta argitaratzaileak eman zion XX. mendearen hasieran; haren emazte Georgina Burton Pittock izan zen diseinuaren arduraduna, ordea. Georgina Burton Pittockek arrosa lorategia ere antolatu zuen etxaldearen kanpoaldean, eta urrunago joan zen: 1888an, lagun eta auzoak gonbidatu zituen etxaldeko lorategian haien arrosak erakuts zitzaten. Hala jaio zen Portland Rose Society. Hurrengo urteetan, kale-bazterretan landatu zituzten arrosak, eta hala Portland “Arrosen Hiria” bihurtu zen 1915erako. Horren berri izateko leku bat baino gehiago daude hirian, baina ezagunena Pittock andereak abiarazitako bidetik, International Rose Test Garden da, Hoyt Arboretum-ekin batera Washington parkeak daukan lekurik berezienetako bat. 10.000 arrosa mota baino gehiago daude bertan, eta udaberri amaieratik udazkenera bitartean loratu ohi dira. Astia izanez gero, japoniar lorategiek ere merezi dute bisita; aurrekoetan ez bezala, sarrera ordaindu behar da hor. Behinola AEBetako Chinatown handienetakoa izan zuen Portlandek, eta egun ere hiriaren erdi-erdian dago. Bertan aurkituko ditugu Lan Su txinatar lorategi interesgarriak. Ez dago zertan ukatu Portlandek arazo bat duela pertsona etxegabe kopuruarekin, fentanilo drogarekiko menpekotasunak hauspotuta. Leku turistiko gehien dauden erdigunean etxegabe ugari ikusi ditugu; ez dugu arazorik izan, eta inork ez digu ezer esan baina, zalantzarik gabe, irudi gogorra da. Hori esanda, hiria AEBetako aurrerakoienetakoa da, eta bide zigortzaileen ordez erabil daitezkeen ekinbideak landu ditu. San Frantziskon antzeko arazoa izan zuten pandemia ostean; egoera bideratzea lortu dute. Pentsatzekoa da Portlandek ere aurkituko duela arazoari aurre egiteko era aurki. Bitartean, ez dago zertan bisita baldintzatu, beste edozein lekutan bezala norbere gauzez ez deskuidatzeko arretaz ibili behar da. Kontraste handi horien guztien erdian, Lan Su lorategiek, Txinako te-etxe bateko soseguaren erritmoan, oraindik ere Portlandeko erdigunean ote zauden pentsarazten dizute. Bizpahiru kale beherago geratzen da ibaia. Duela urte batzuk Willamette Waterfront edo ibaiertza ez zen askorik aholkatuko zenukeen txokoa, baina gaur egun oso leku atsegina bihurtu da bertan egindako McCall parkeari esker. Steel Bridge eta Poet’s Beach-en artean bi kilometro eta erdiko luzera dauka. Behin hegoaldera helduta, ibaiaren beste aldera joateko lekua adieraziko digu parez pare ageri zaigun urpeko ontzi beltzak. Egun, OMSI zientzia-museoaren beste zati bat da; Estatu Batuetako museo zientifikoetan txalotuenetakoa da Oregongo Zientzia eta Industria Museotik abian hainbat interesgune lantzen dituen gune berezi hau. Egun pare bat Oregongo hiri nagusian emanda, Pazifikoko estatu honen lekurik txundigarrienak ere gertu samar egonik, eguneko txango ezin interesgarriagoak egin litezke Columbia ibaian gora dauden ur-jauzi eta arroilaren ikuspegira. Edo kontrako bidea: ibaia itsasoratzen den guneraino ordu eta erdiko bidea dago. AEBetako historiako lekurik berezienetakoa da, honaino iritsi baitziren Lewis eta Clark esploratzaileak 1805ean, ia 8.000 kilometro egin eta gero. Sacajea, laguntzaile izan zuten emakume indigenaren monumentua, Washington parkean dago Portlanden. Hoyt Arboretum-en mundu osoko 2.000 zuhaitz eta landare espezie daude, eta horietatik guztietatik ibiltzeko dozena erdi ibilbide; paseo labur bat egitetik ibilaldi luzexeagoetara animatu gaitezke.