03 SET. 2021 Zinemako hiriak: Berrasmaturiko arkitekturetan barrena Garai batean zinema zen bidaiatzeko aukera eskaintzen zuen pasaporte bakarra. Berez, hori plano fisikoan ez da eraginkorra, baina irudimenari dagokionez, hiri haiek herri-iruditerian berrasmatuak izan ziren. Koldo Landaluze Pertsonaiek partekatzen duten planotik eta elkarrizketatik harago, planetan zehar sakabanatutako hirien eszenografia aldakorra sumatzen dugu, eta pantaila batean lehenengoz ikusi genituenetik geure egin ditugu hiri horiek. Hormigoizko dekoratu horien errealitatea iraulita, ikuslea txoko horietako bakoitzeko ustekabeko turista bihurtzen da, betirako gure erretinaren oroimenean atxikita geratu diren toki horietako turista. New York, abiapuntu New York da, nahitaez, zinemako postalen bidez sortutako abentura honen abiapuntua. Bidaian gidatu gaitzan ez dago Woody Allen baino hoberik; goizeko lanbroaren eta Gershwinen "Rhapsody in Blue"-ren konpasen artean kokatutako etxe orratzen eta soinuen labirinto honetan barneratuko gaitu. «New York benetan maite zuen berak. Neurrigabeki erromantiko egin zuen hiria. Ez zuen axola zein urtaro zen; harentzat zuri-beltzeko hiria zen, George Gershwinen konposizio handien doinuekin dantza egiten zuena». "Manhattan" filmaren bidez New York zenbat maite zuen adierazi ondoren, Allenek paseoan garamatza, txalupan eta zaldi-kotxean, Central Park-en barrena. Bosgarren Etorbideak eta Central Park West-ek mugatutako bost kilometroko eremuak ezaugarri egokiak ematen dizkio New Yorkeko txoko enblematiko honi, beti zuri-beltzean gogoratzen ditugun irudien indarra memorian gorde dezagun. Parkea gurutzatuta, Bosgarren Etorbideko 33. eta 34. kaleen artean, hiru marinel alai topatuko ditugu technicolorrean. Lehorreratu berri daude eta Sagar Handian egun bakarreko baimenaz gozatzeko irrikaz. Stanley Donen-en kamerak gertutik jarraitzen diela, Gene Kelly, Frank Sinatra eta Jules Munshin-ek dantza-pista erraldoi bihurtzen dute etxe orratzen hiria, Empire State Building-en silueta zorroztuak gobernatutako hiria. Behin King Kong-ek bere egin zuen eraikin enblematiko hori. Gorila erraldoiak sortutako izuaren berri izan gabe, Audrey Hepburn garaiz joan da Bosgarren Etorbidean goizero duen hitzordura, Tyffany & Co bitxi-dendaren erakusleihoaren aurrean gosaltzera. Beti bezala, denbora abiada bizian doa; beraz, bidaiari-ikusleari ez zaio beste aukerarik geratzen: Central Parkeko hegoaldeko atea, hots, Lincoln Centre-ren ataria dena erabili eta Columbus Circle-ra iritsi. Broadway kalea eta zortzigarren hiribidea elkartzen diren tokian taxi bat hartu eta Brooklyngo zubiaren beste aldera iritsiko gara. Bidean, ohartu gara gure gidariak antz handia duela "Taxi Driver"-en Robert de Nirok bizia eta sumina eman zizkion Travis Binkle harekin. New Yorketik Londresera New Yorketik hurrengo helmugara, beltzean egindako urtze labur batek soilik banantzen gaitu. Zinemako gauzak dira. Denborak eta espazioak ez dute tokirik ibilbide honetan eta, bat-batean, Big Ben-en kanpai-hotsak entzunez Tamesis ibaiaren aurrean gaude. Ikusle-bidaiaria, bertako kaleetan dabiltzan jende olde ugarien aurrean harri eta zur, arriskuan dago, itxura gogorreko eta 007 lizentzia duen tipo batek gidatutako Aston Martin zilarreztatuak harrapatua izateko arriskuan. Ia zirkinik egin gabe, ibilgailua aparkatu, bere smokingeko ttattarra doitu eta Covent Garden-eko Theatre Royal-en sartu da James Bond. Ondoan, The Nell Old Drury pub ezagunean, Alfred Hitchcock "Frenzy" filmeko sekuentzia baten azken xehetasunak prestatzen ari da. Gaua iristean, eta lanbroa atzean dela, Sherlock Holmesen eta John Watson doktorearen itzalak Whitechapel-en adreiluzko hormetan proiektatzen dira hainbat filmetan. Jarraian, berriz, itzal desitxuratu bati erreparatu diogu; Royal London Hospital-etik atera berri da eta Bhisopsgateko Liverpool Street Station zalapartatsurantz doa. Pertsonaia misteriotsuak burua oihalezko zaku batekin estalita darama eta Tower Hamlets-en harzolan arrastaka darama bere gorputz bihurritua. Joseph Merrick esaten diote eta David Lynchek betiko hilezkortu zuen bere "The Elephant Man" drama hunkigarrian. Lainoa deseginda, Londresko alde argitsua ikusiko dugu Kensington eta Chelseako borough-ean. Hiriaren erdian Nothing Hill auzo ospetsu eta koloretsua dago, eta, Portobello Road-eko merkatuan biltzen den jendetzaren artean, Julia Roberts eta Hught Grant ikusi ditugu, liburu-saltzaile xume batek eta Hollywoodeko izar batek partekatzen duten harremana betikotzen. Richard Curtis gidoilari eta zuzendaria askoz harago joan zen bere anbizio erromantikoan, eta Londresko hainbat tokitan maitasun-kronika txiki bana kokatu zuen, taupada-puzzle bat dirudien “Love Actually” osatuz, hain zuzen. Londresko ibilaldi honi estalita doan beste figura batek emango dio amaiera, bere irribarrea Guy Fawkes-en irribarrearen azpian ezkutatzen duenak, hain zuzen. Aurretik, Londresko lurpean trenbide ikusezin batekin topo egin dugu; Harry Potter-ek bere ikasketak egin zituen Hogwarts Magia eta Aztikeria Eskolara garamatzan burdinbidea da, hain justu. Westminster jauregitik behar besteko distantziara eta su artifizialen artean, Txaikovskiren 1812 oberturako akordeek Parlamentu britainiarraren suntsipena zehazten duen soinu-banda osatzen dute, "V for Vendetta"-n klimaxerako erabili zena. Londres izeneko hirian bildutako misterioa atzean utzi eta argiari zentzua eman zion hirira joango gara. Paris eta bere koloreak Jacques Offenbachek batuta mugituta, Can Can-aren lehen akordeak ozen entzuten dira. Moulin Rouge-ren barruan Toulouse Lautrec ñimiñoarekin topo egingo dugu. Neurrigabekeriaren erresuman, absentaren fantasia eta pintatzeke geratu ziren mihiseak dira nagusi. John Hustonek, dantzarien frenesiak kutsatuta, gorri eta urdin inpresionisten artean mugitzen du kamera. Istant horretan, 1973ko irailaren 3an, 18:20 eta 32 segundoan, Callíphora familiako eulitzar bat, minutuko 14.670 hegada sortzeko gai dena, St. Vincent de Montmatre kalean pausatu da, eta, Jean-Pierre Jeunet zinemagilearen makilatxo magikoari esker, Amélie Poulain maitagarri urbanoa jaio da, betiko gure artean gelditzeko. Soineko gorri liluragarriz jantzita, Amélie harri txikiak jaurtitzen ari da Saint-Martin kanalean; Stalingrad plazatik Bastille plazaraino hedatzen da kanala, eta Ourcqeko kanala eta Sena lotzeko balio du. Louvre museotik gertu, Jean Seberg aurkituko dugu "New York Herald Tribune"-ren aleak saltzen, eta, Eliseo Zelaietako beste muturretik iritsita, Jean-Paul Belmondo agertuko da eszenan. Film baten kapritxoak eragindako gorabehera bitxi horietako bategatik, biek aurreranzko ihesaldi bati ekingo diote Jean-Luc Godard-en erreferentziazko lanean, "À bout de souffle" filmean. Paris, azken batean, kolore aldakorreko eta ezkutuko musuen festa da. Hainbat arrazoirengatik, Jason Bourne agente hilgarria eta Robert Langdon ere Parisen dabiltza. Lehena, hiltzeko entrenatu zuen agentzia estatubatuarrak jazartzen du orain, eta bigarrena, berriz, "Da Vinci kodea"-ren misterioak argitu nahian dabil. Paris Ingrid Bergmanek eta Humphrey Bogartek Casablancatik utzi ziguten distantziako hitzordua ere bada, eta «beti geratuko zaigu Paris» horretatik harago, oroitzapen baten koloreak gogoratzen ditugu: «Alemanak grisez zihoazen eta zuk soineko urdin bat zeneraman». Erromara Parisetik Paristik Erromara garamatza txanpon batek eta Fontana di Treviren ondoan emandako gau batek. Marcello Mastroianni Anita Ekberg-i lausenguka ari da, Eskandinaviako fiordoetatik iritsitako Venusak erabat inspiratu baitzuen italiarra. Ilargipean distiratsu, "Anitona"-k, Federico Felliniren "La Dolce Vita" erromatarrean murgilduz, hiriak eskaintzen dituen aukera mugagabeez ohartarazten gaitu, harri-kartoiak lagunduta. Ondoren, Roberto Rosellinik Bigarren Mundu Gerrak zauritutako hiri gordina erakutsi zigun. Via Veneto zeharkatu eta, Koliseoaren atarian, paparazzi-multzo baten arrastoari jarraitu diogu; noren atzetik doaz bada? Vespa baten atzetik, Audrey Hepburn eta Gregory Pec batera doazen Vespari segika. Amaitzear da gure "Erromako oporraldia" "Apiril"-ean eta bisita laburra egin dugu Virgiliano parkera, non Nanni Moretti haurtzaroko oroitzapenak gogoratzen diharduen. Berlin eta Habana artean Wim Wendersek izan ezik, gaur egun inork ez du zeruarekiko interesik. Berlingo aingeruek goietatik gizakien eguneroko jokaera behatzen dute, eta beren topaleku gogokoenean, Staatsbibliothek-ean, Postdamer Strasseko Liburutegi Nazionalean, solasean aritzen dira. Wendersek "Berlin gaineko zerua" (Der Himmel über Berlin) filmean erakutsi zizkigun aingeruak ere konturatuta daude kabaret gau berlindar alaiek izan zuten indar telurikoaz. Kit Kat Club-ean Joel Grey zeremonia-maisu gisa ari da, nazismo basatiaren atarian, eta Liza Minnellik eta Michael Yorkek Savignyplatz-en topa egin dute. Berolina Straße-ko 21eko apartamentu eraikina, Rosenthaler Straße 68, Alexanderplatz, Karl Marx Allee-ko Strausberger Platz-eko iturria edo Coca-Cola de Hilburghauser Straße 224-232ko Coca-Colaren eraikin zahar abandonatua; toki horietan iraunarazi zuten existitzen ez zen errealitatea, hain zuzen, "Good Bye Lenin" filmean. Berlin, espioien epizentro gisa. Jason Bourne ere ibilia da bertako kale eta plazetan, eta bere ihesaldian Friedrichstraße-ko S Bahn geltokitik eta Checkpoint Charlie-tik igaro da. Tom Hanks, Matt Damonek antzeztutako Bourne baino askoz neurritsuagoa, Espioien Zubian edo Glienicker Brücke-n espioi-truke baten zain dago. Sekuentzia hori Gerra Hotzean kokatzen da, Spielbergen "Espioien zubian" (Bridge of Spies) filmean. Hurrengo geltokia: Istanbul Europaplatz-eko Hauptbanhof Station-en maleta bat eta Istanbulerako tren-txartel bat zain ditugu. Nork ez du inoiz amets egin eskularru zuriko lapur iheskor bat izatearekin? Jules Bassinek horixe egin zuen, eta 119. minutuan, lapur-talde batek Topkapi jauregian egin zuen lapurretaren partaide egin gintuen. Planaren bilakaera onagatik topa egiteko, zer hoberik Melina Mercouri, Maximilian Schell eta Peter Ustinov-ekin hiriko Alde Zaharreraino joan, Bosforoko itsasarte gaineko muinora igo eta Serrallo girotzen duten lorategietan galtzea baino. Abiatu baino lehen, berriz ere James Bondek ia harrapatu gaitu bere autoarekin. Oraingoan, agente sekretua Tatiana Romanovari, "Errusiatik maitasunez" iritsitako espioiari, hurbiletik jarraituz ari da Koroarentzako lanean. Meskita Urdinak, Galatako Zubiak eta Santa Sofia basilikak osatzen dituzte espioien arteko sedukzio-joko arriskutsu honen etapak. Habanarantz Giro lasaiago baten bila abiatuta, Habanako malekoira iritsi gara, Karibeko brisak lagunduta. Tomas Gutiérrez Aleak agertoki hori hautatu zuen olatu iraultzailearen ziurgabetasunak aztoratutako burges baten barne ibilaldi eta ibilaldi fisikoa pantaila handira eramateko. Iragana eta oraina batzen dira hiri honetan, Fulgencio Batistaren erregimenaren kontrako borroka klandestinoaren pasarteak gogorarazten dituen hirian. Borroka hori pantaila handian "Clandestinos" filmean islatu zen. Piztiaren erraietatik iraultza sostengatzeko izan ziren zailtasunen berri ematen du; hirian bizi izan zen tentsioa islatzen da, esaterako, gerrillari talde batek borroka armaturako armak biltzeko Armategi Zaharrera jo zuenekoa pantailaratuz. Coppelia, edo "izozkiaren katedrala" Kubako izozki-denda ezagunena da. El Vedado auzoaren bihotzean dago, 23. eta L kaleak batzen diren kantoian; Celia Sánchez iraultzako heroiaren ideia batetik jaio zen, eta haren omenez monumentu bat dago eraikinaren barruan. Erdialdea -bi solairutan banatua- kupula batek eta kanpoko eremuek errematatzen dute. Guztia landaretza tropikal zabal batean integratuta dago. Izozkia aitzakia hartuta solastatzera edo ligatzera joandako kubatar ilara luzea ikusiko dugu kanpoaldean. Kanpoko eremu edo kantxetan, bisitariak "Fresa y Chocolate"-ko hainbat sekuentzia hartu zituen espazioa aurkituko du. Pekin, ukitu exotikoa Pantailaren beste alderako bidaia honen ukitu exotikoa Pekingo "Hiri debekatua"-k jartzen du. Egitura monumental zigilatua, Ming dinastiatik enperadore txinatarren mamuak babesten dituena. Bere luxuzko hormen artean harrapatuta geratu zen horietako azkena ere, Pu Yi. Haurra izanda, bere patua lorezaina izatea dela ez dakiela, Harmonia Goreneko Aretoan korrika dabil, patio handira iritsi aurretik. Hori guztia Bernardo Bertolucciren kamerak erregistratu zuen, tonu gorrietan. "Tanguy" komedian, berriz, protagonistak, alegia, etsita zeuden gurasoen etxetik irteteari uko egiten zion haur helduak, Pekinen aurkitzen du bere patua. "Hiri debekatu"-ko antzinako arkitektura horretan berrelkartuko da familia. 1930eko hamarkadaren aurretik Pekingo operako aktoreentzako eskolek umezurztegi gisa funtzionatzen zuten; horietan haurrak akrobazietan, kantuan eta antzezpenean trebatzen zituzten, etorkizunean eskolarekin zuten zorra ordain zezaten. Haur horietako batek, opera-kantari bihurtu, eta Yu ohekidearen rola hartuko du, "Agur nire konkubinari" filmari zentzua ematen dioten sekuentzia liluragarrien artean. Ekialdeko frenesia Hong Kongen Ekialdeko frenesia bete-betean islatzen da "Chunking Express" filmean. Chunking Mansion-en barneratzen gaitu Wong Kar Wai zuzendariak. Tsim Sha Tsui-ren hegoaldeko eraikin ospetsua da Chunking Mansion, hotel txiki independenteak eta saltokiak biltzen dituena. Bottoms Up taberna eta Midnight Express, janari azkarra ematen duen jatetxea, biltzen dituen txoko triste eta zabarra da. Amaiera gisa, hiriko kaosa alde batera utzi eta Hong Kongeko leku ezagunenetako batera joko dugu: Kowloon penintsulara. Eszenografia lasai eta harmoniatsu honetan, "Love Is a Many-Splendored Thing" filmean, William Holden-ek eta Jennifer Jones-ek technicolorraren eta zuri-beltzaren artean ematen diote elkarri musu. Horrela amaitzen da eskala aldakorrak, berrelkartzeko promesak eta Scope formatu ederra dituen film-bidaia hau. Via Veneto zeharkatu eta, Koliseoaren atarian, paparazzi multzo baten arrastoari jarraitu diogu; noren atzetik doaz, bada? Vespa baten atzetik Bat-batean, Big Ben-en kanpai-hotsak entzunez Tamesis ibaiaren aurrean gaude New York da, nahitaez, zinemako postalen bidez sortutako abenturaren abiapuntua